Urko Larrea segurarra Zerainen bizi da 2000. urtetik. «Auzoan», dio txantxetan. Izan ere, emaztea Zeraingoa du. Bi seme-alaba dituzte, 12 eta 10 urtekoak. Larreak Idiazabalgo Ampo enpresan lan egiten du, kalitate arloan. Zerainen «oso gustura» bizi dela dio. «Segurarekiko alde bakarra dago, bistak: Zeraindik Segura bete-betean ikusten da», aipatu du. Zaletasunei dagokionez, kirola gustatzen zaio batez ere: futbola, pilota, txirrindularitza, eskia… Makina bat txirrindularitza martxa egin ditu: Irati Xtreme, Orbea Gran Fondo, Quebrantahuesos… Ehiza ere gustatzen zaio. «Gauza asko gustatzen zaizkit eta guztiak egiteko denbora falta…».
Gustuko liburua?
Dan Brown idazlearen El codigo Da Vinci.
Pelikula edo telesail bat?
Duela gutxi Vikingos ikusi nuen eta asko gustatu zitzaidan, barbaro samarra den arren.
Musika talde bat edo musikari bat?
Hertzainak.
Abesti bat?
Hertzainak taldearen edozein.
Kolore bat?
Berdea.
Oporretarako toki bat?
Azken urte hauetan etxekoak Peñiscolara joan gara. Aurten ere bertara joango gara.
Zer gosaltzen duzu?
Kafea eta jogurta.
Zein da jaso duzun opari bereziena?
Seme-alabak, zalantzarik gabe. Araitz eta Adei dute izena.
Zerainen biziko ez bazina, non biziko zinateke gustura?
Seguran.
Zeraingo alkatea izango bazina…
Herriko lokal bat kirola egiteko egokituko nuke. Bertan gimnasia egiteko makina batzuk jarriko nituzke.