Ibon Calvillo • Biok Zerbitzuak (Ordizia)
Enpresa eta negozio guztiek egiten dituzten faktura guztiak TicketBai sistemaren bitartez. Ogasunak kontrolatuko ditu, egin eta inprimatu bezain pronto. Gutxi falta da TicketBai indarrean sartzeko. 2022ko urtarrilaren 1etik hasi eta jarduera ekonomiko guztiak sartuko dira datorren urtean zehar.
Zer da?
Hiru foru aldundiek, Eusko Jaurlaritzarekin batera iruzur fiskalari aurre egiteko sortu duten tresna bat da. Fakturak egiteko erabiltzen diren programek, TicketBai sistemak eskatzen dituen betebehar guztiak asetu beharko dituzte. Horrela ogasunari ahalbideratuko dio zergadunen jarduera ekonomikoen diru sarrerak kontrolatzea.
Ez dago beste aukerarik. Fakturazio programa desberdinak egokitu egin beharko dira behar berrietara.
Zein da bere funtzionamendua?
1. Faktura egiten denean, bertan QR kode bat agertuko da, eta fakturarekin batera salmentak kontrolatuko dituen informazioa duen fitxategi bat sortuko da.
2. Dendariak edo enpresak, ogasunera bidali beharko du fitxategia hori faktura egin bezain pronto eta horretarako ezinbestekoa izango da sinadura digital bat edukitzea eta Interneteko sarbidea.
3. Bezero guztiek, beraien mugikorrarekin adibidez, QRa kodeari argazkia aterata, konprobatu ahalko dute, jaso duten faktura hori benetan ogasunean deklaratu dela. Badakizue, klik batekin ikuskatzaile edo inspektore zereginak beteko ditugu.
Hain erraza ematen duen sistema honek, sekulako aldaketa suposatzen du, gehienbat, dendak eta negozio txikiak dituztenentzat. Orain arte hala nola, betetzen zituzten berain betebehar fiskalak, baino aldaketa honek aro digitalean murgiltzea behartzen dituzte.
Ogi bat erosi, egunkaria, ileapaindegira joaten garenen, tabernan kontsumitzen dugunean… QR kodea duen faktura sinplifikatua eman beharko digute, eta guk konprobatu ahal izango dugu ogasunera bidali duten ala ez.
Negozioek inbertsioak
Horretarako, denda eta negozioek inbertsio garrantzitsuak egin beharko dituzte lehenik behar hauetara egokitzeko. COVID-19 pandemiaren ondorio latzak jasan eta gero, eta honi buelta eman aurretik, orain TicketBai datorkigu. Ez dut uste garai onenean datorrenik. Orain dela urte bat atzeratu zutenean, jakin izan bazuten pandemia honek hainbeste iraun behar zuela, ziur nago gehiago luzatuko zutela. Baina, usteak erdi ustel, urtarriletik aurrera derrigorrezkoa izango da.
Isun handiak
Edozein jarduera ekonomikoa duten guztiek jarri behar dute martxan sistema hau, laguntzak daude horretarako eta garaiz iristen ez badira, isunak beldurgarriak dira.
TicketBai hitza trending-topic bihurtuko da, orain arte dendarien artean hasi da zurrumurrua, martxan jartzen denerako denon ahotan egongo da foro aldundiek sortu duten anglizismo eta euskara nahastutako hitz itsaskor hau.