Ba itzuli gara berriz. Etxera, lanera, errealitatera. Zer moduz zuek? Tira, nire antzera imajinatzen dut… Itzuli gara berriz, baita zutabe honetara ere. Oporretara joan aurretik, pentsatzen nuen hamaika ideia berri zein interesgarri izango nituela hona itzultzean, baina amaitu berri zaizkidan oporrak bakarrik etortzen zaizkit burura. Zeinen ongi egon garen… Eta zuek? Tira nire antzera pentsatzen dut. Gogorra da errealitatera itzultzea, ezta?
Zinemaz hitz egin nahiko nizueke, ikusi dudan filmaren batez, edo besteaz… Baina Kruth-Wildenstein lakuan hartu nuen bainu zoragarri hura besterik ez zait etortzen burura. Musikaz ere hitz egin ahalko nizueke baina oporretan jandako hamaika tarte flambé-en usainak lapurtu dizkit kantu guztiak. Munduan zehar gertatu diren hainbat gertaera ere ekarri nitzake txoko honetara, baina Colmar edo Turckheimeko ipuinetako etxe arteko kaleetan jarraitzen dut noraezean. Teknologia berriek eta sare sozialek ere eman didate zer pentsatu azken hilabeteetan, baina oraintxe, Vosgeetako baso itxietako lasaitasunaz gozatu besterik ez dut nahi…
Zein gogorra den itzulera, berriz errealitateari heltzea. Gogoan dut nola umetan, udalekuetatik itzultzean, inpotentzia handi batek hartzen ninduen. Hori zen behar bezalako bizitza, ez eskolara joatea. Haiek bai benetako lagunak, ez larunbat goizean tinbrea jotzera joaten zitzaizkizunak… (barkatu baina oso pisuak zineten). Antzeko zerbait sentitzen dut orain, baina lasai, pasako zait, eta baita zuei ere. Konturatzerako, oporrak ahaztu eta hurrengoetan pentsatzen egongo zarete, ni bezala.
«Aizu! Lanean ere badela poza!», esango du baten batek. Eta bai, ez zaio arrazoirik falta, nahiz eta oraintxe bertan, tarte flambée batekin ahoa itxiko niokeen. Opor osteko depresioa deitzen diote honi, eta sendagaia, lan egitea omen. Tira, hala egingo dut, eta hitz ematen dizuet, datorrengoan, zinemaz, kantuez, edozein gertaera zoroz edo teknologia berri eta sare sozialez arituko naizela. Baina hori, hurrengo zutabean izango da. Orain utzi nazazue lasai nire depresioaz gozatzen. Animo zuei ere.