Uxue Fernandez Lasa • Irakaslea eta kirolaria
Iritsi da udaren amaiera eta udazkenaren etorrera iragartzen digun urte sasoia. Askok ikasturtea hasi dugu, beste askok atseden egunak atzean utzi eta lan urtea eta, nabarmen gutxiago izanik ere, opor usainean dabiltzanak izango dira, oraindik ere. Bidaia edo etapa baten bukaera edo hasiera ere izan liteke iraila, asmo edota helburu berriena behintzat bai, askorentzat. Berrekiteko garaia dela dirudi, ostera hastekoa, errutinara itzultzekoa, gehienontzat.
Neurri, kolore, edukiera eta ezaugarri oso ezberdinetako motxilak beste zenbaitetan baino nabarmenago eta gertuago izan ditugu azken boladan. Oporraldian hondartzan, mendian zein nonahiko parajeetan bizkarrean erabili ditugu askok, gustuko, eta, ustez, beharrezko, trastez bete eta bizkarrean hartuta.
Ikasturtearen hasieran eskolarako liburu, koaderno, fitxa eta kartapazio berriz kargatutako bizkar-zorroa prestatzen ariko dira haur eta gazteak, honezkero. Helduago batzuk lanerako trasteak bertan ibiltzen ditugu. Gure inguruan geroz eta maizago ikusten diren banatzaile txirrindulariak ere motxila bizkarrean dabiltza. Baina, horretara mugatzen al dira motxilak? Benetan, nahi dugunean eta nahi ditugunak soilik bizkarreratzen al ditugu?
Motxila soinean eramatea eguneroko zeregina da. Ariketa deserosoa, atsegina, erraza edo nekeza izan daiteke, une eta aldartearen arabera. Bertan daramatzagu ilusio, pena, poz, kezka, eta abarrak, gure argi-itzalak, ageriago, ezkutatuago, txukunago ala nahasiago, aldika astun, aldika arin. Karakolek etxea bezala denok daramagu bizkarrean josia geurea.
Aurtengo iraila ere, aurrekoen antzera, gehienontzat puntu eta jarrai izango dela esatera ausartuko naiz, gogo biziz puntu eta aparte egiten saiatuta ere, iazkotik zein aurrekoetatik ez dela hain ezberdina izango. Itxuraldatzen saiatu arren, kamaleoiak bezala azal berritzeko ahalegin betean murgildu arren, ostrukarena egin eta ikusi nahi ez izanda ere, zaharrak berri izango dira. Hilabete eta egunak igaroko dira, baina gure ajeek gure baitan jarraituko dute, bizitzan zehar bildutako esperientzia, oroitzapen eta ikasgaiek bizkarrean itsatsita. Aukeran, noizean behin, aurrez aurre begiratu, aireztatu eta astindu bat eman, karga astunegiak gain hartu baino lehen.
Motxila soinean, segi munduetan barrena, pausoz pauso ahal bezainbat gozatuz.
Ibilbide on!