Atzegiko erabiltzaileek aste honetan hasi dute ikasturtea. Baina aisialdiaz gozatzeko boluntarioen lana «ezinbestekoa» da. Herritarrei laguntzeko deia egin diete, norberak bere aisialdia baztertu gabe besteena ere ahalbideratu dezan.
Atzegiko erabiltzaileentzat boluntarioak «ezinbestekoak» dira aisialdi-ekintzak egin ditzaten. «Aisialdian egiten ditugun ekintza guztiak posible dira ditugun boluntarioei esker», azpimarratu du Marta Esnaola Lakuntza Atzegiko Goierriko aisialdi-arduradunak. «Lagun artean kalera irteteko beharrezko makuluak dira. Kasu askotan bakarrik ezin dute planik egin. Behar dute beraiekin egongo den jendea, eta planak antolatzen lagunduko diena».
Asteburuetan behar dute laguntza, bereziki. «Asteburuetan Txolarteetan biltzen gara, kuadrillan», hasi da Esnaola. Pandemiaren erruz txolarteak txikitu egin behar izan zituzten, eta ondorioz, boluntario gehiagoren beharra dute. Edonola ere, ez dira gelditu. Eta orain, pandemia bukatzen ari dela dirudien honetan, aisialdiaz gozatzeko gogo gehiago dute. «Edozein lagun-taldek egiten dituen planak egiten ditugu: zer edo zer hartu, paseatu… Euria-edo egiten badu elkartean pelikularen bat ikusi edo eskulanak egiten aritzen gara». Aldian-aldian, ekintza bereziagoak ere egiten dituzte: egunpasak, Gabonetako juntadizo berezia, ikasturte amaierako festa…
Edonor izan daiteke boluntario. «Edozeinen laguntza dator ondo», nabarmendu du. «Talde heterogeneroak dira: boluntarioak, normalean, gazteak izaten dira. Baina parte-hartzaileak ez dira horren gazteak izaten. Gainera, planak lasaiak direnez, jende helduarentzat ere aproposak dira», gaineratu du. «Ez da inolako formakuntzarik behar, gogoa besterik ez», esanez osatu du. «Hasi aurretik Atzegik eskaintzen du formakuntza-saio bat».
Bakoitzaren aisialdiari uko egin gabe, gainerakoen aisialdia bermatzea da helburua. Horretarako, hasi baino lehenago bakoitzaren konpromiso maila neurtzen dute, bakoitzaren ahalmenera egokitzeko. «Ikusi egin behar da bakoitzak zer eskain dezakeen. Boluntarioak dira, azken finean. Agian norbaitek hilabetean asteburu bat eskain dezake. Ondo dago, arazorik gabe». Hori bai, hitza bete egin behar da.
Boluntario bilakatzeko Atzegirekin harremanetan jarri behar da. Goierrin Legazpin eta Beasainen dituzte egoitzak. 943 42 39 42 da telefono orokorra. «Boluntario askok beraien kabuz deitzen digute, lagundu nahi dutelako. Bestela, lagunek animatuta, sare sozialetan ikusi gaituztelako… jotzen dute guregana», aipatu du aisialdi-arduradunak.
Eman eta hartu
«Zerbait aportatzeko intentzioarekin hasi nintzen, baina berehala ohartu nintzen ematen dudana baina askoz ere gehiago jasotzen dudala: ilusioa, goxotasuna, laguntasuna… zoriontasuna!», dio Iñigok, boluntarioteko batek. Esnaolak ere bat egin du: «Boluntariontzat ere aberasgarria da», esan du. «Oso harreman politak sortzen dira. Azkenerako, kuadrilla bat osatzen dute: gauzak kontatzen dizkiote elkarri, une asko konpartitzen dituzte… norbaitek boluntariotza utzi behar duenean penatan egiten du».
Aste honetan hasi dute ikasturtea. Aste barruan formakuntzari lotuagoak diren ekintzak egiten dituzte, arduradun eta gidari formatuagoekin: sukaldaritza tailerra, kultur eta kirol jarduerak, autonomia handitzeko ariketak… Astean zehar gogotik lan egin ostean irrikaz egoten dira asteburua heldu eta dibertitzeko.
60. urteurreneko ospakizuna
Atzegik 60 urte bete zituen iaz, pandemia bete-betean. Ekintza txikiak eta solteak egin zituzten urteurrena ospatzeko, baina kandelei putz egin gabe geratu ziren. Festa handia abenduaren 20an egingo dute, Donostiako Kursaal aretoan.
Urte hauetan guztietan elkartearekin era batera edo bestera kolaboratu duten guztiak omendu nahi dituzte. Atzegi, 60 urte bidelagunak biltzen izendatu zuten kanpaina. Aurrera begirako leloa ere bada, bidelagun gehiago bildu nahi baitituzte.
Goierrin 150 bidelagun inguru daude. Guztiak, baina, ez daude aisialdi-ekintzekin lotuta. Adimen desgaitasunen bat duten eta Atzegiko parte diren 95 goierritar daude berriz, 86 familiatakoak. Gipuzkoa osoan zenbakiak potoloagoak dira: adimen desgaitasuna duten 2.140 pertsonak dira erabiltzaileak, gutxi gorabehera, 2.000 bat familiatakoak; elkartearen bueltan 15.000 lagun inguru ibiltzen dira.
Guztien lanara esker urte hauetan guztietan «gauzak asko aldatu» direla diote Atzegikoek. «Lehen pentsaezinak ziren helburuak lortu dira esparru ezberdinetan: hezkuntza, egoitzak, lana, aisialdia… eta, orohar, eskubideak. Besteak beste, botoa ematekoa eta modu independentean bizitzekoa», diote. Halere, «aurretik beste erronka asko» geratzen direla gogoratu dute: «Horiek gauzatzeko Gipuzkoako gizartearen babesa ezinbestekoa izango da».