Noiz hasi zinen Helduen Hezkuntza Iraunkorrera joaten?
Zazpi bat urte izango dira hasi nintzela,jubilatu ondoren. Jubilatu naizenetik egin dudan gauzarik onena izan da eta denbora daukan jende guztia animatuko nuke. Etxean geratzea da azkena. Aukera oso ona da.
Zein helbururekin hasi zinen?
Zahartze aktiboa da niretzako ongizaterako gakoa. Adituek ere horrela gomendatzen dute, baina jaurlaritzan ez daukate gogo handirik HHIko hezkuntza ez arautuarekin jarraitzeko.
Zu zeu, hezkuntza ez arautuan zabiltza, ingelesa ikasten.
Bai. Informatikan ere ibili izan naiz. Baina beti zalantzan ibiltzen gara ea ikasten jarraitzeko aukera izango ote dugun. Izan ere, jaurlaritzatik hezkuntza ez arautua kendu nahian dabiltza. Duela bi urte Gasteizera joan ginen protesta egitera eta Arartekoari ere bidali genion gutuna, guretzat zein garrantzitsua den jakinaraziz. Beti beldurrez gaude, baina momentuz ematen du gelditu egiten dela… Momentuz hor jarraitzen dugu.
Zuentzat, oso garrantzitsua da.
Oso aberasgarria da. Batetik, ezagutzak handitzeko; eta bestetik, sozializatzeko ere oso tresna oso garrantzitsua da. Burua lanean edukitzeaz gain, beste pertsona batzuekin erlazionatzeko aukera ematen digu. Eskualde osoko ikasleak joaten gara. Ordiziatik oinez joaten gara gainera. Autoestimurako ere garrantzitsua da. Gu ere, gauza asko egiteko gai gara. Erraz ahazten zaigu ikasitakoa, hori nabaritzen da, baina beti ikasten da zerbait.
Ingelesez moldatzen zara?
Ingelesez irakurtzeko eta ulertzeko gai gara. Hizketan egiteko arazo gehiago daukagu. Ez da umeek bezala, hanka sartzeko lotsa izaten dugu. Beldur hori kendu beharko genuke.
Azterketarik egiten duzue?
Ez daukagu azterketarik egin beharrik. Etxeko lan batzuk bai, baina ez dira gauza zailak. Iaz ez, baina irteerak ere egiten ditugu. Oso garrantzitsuak dira irteera horiek. Hilero irteera bat egiten genuen.
Helduen Hezkuntza Iraunkorreko (HHI) eskolak bigarren aukera bat eskaintzen die ikasten jarraitu nahi dutenei.