Antxiñe Mendizabal • Idazlea eta editorea
Liburu honi banda-soinua jartzekotan, Typical girls (neska jatorrak) izeneko kantak beharko luke izan, Londreseko The Slits neska-taldearena (Baginak), 1976ko punk-rock mugimenduaren leherketan ezaguna egin zena.
Yurre Ugarte ezagutzeko modu bat izan daiteke 80eko hamarkadan liluratu zuten literaturak eta musikak ezagutzea, Bizi kondaira literario-musikal bat izeneko liburu honetako azken narrazioan jasota daudenak.
Gainerako beste zazpi narrazioetan, eguneroko bizitzan ez hondoratzeko lilura helduleku bakarra duten pertsonaiak dira protagonistak, edota gaztarako lilura batean harrapatuta bizi direnak: etxerik gabe geratu den diseinatzaile ohia, popari buruzko tesia aurkeztera doan doktoregaia, kultur kudeatzaile bihurtutako iraganeko artista, nerabezaroko adiskidearen eraginaz ohartzen den argazkilaria, alabari aita nor duen aitortu behar dion kazetaria, besteak beste.
Narrazio guztiak dira pop kulturaren alabak. Protagonista guztientzat argazkiak, abestiak, musika, artegintza edo estetika bizitzeko era bat dira, munduan egoteko eta mundua ulertzeko modu bat. Ia guztiak sormen-lanetara emanak daude, edo nahi dute, edo iraganean egon ziren, prekarietatean bizi direlarik gehienak.
Nostalgiarik gabeko liburu bat izan arren, memoria ariketa bat ere bada liburu hau, izan ere protagonista gehienek atzera begiratzen dute uneren batean. Idazleari interesatzen zaio pertsonaiek euren buruari eta besteei iragana kontatzeko aukeratzen duten errelatoa, zalantzan jarriz zenbateraino den egiazkoa.
Halaber, liburuak bide ematen du hainbat artista pop esanguratsu ezagutzeko, idazleen artean: Lyidia Lunch, Angela Carter, Margare Atwood, Alice Munro, edota Janet Frame.