Jon de la Cuesta Barrutia • De la cuesta farmazia (Beasain)
Udazkenean bete-betean sartuta gaude, zuhaitzetan hasi da jada hosto erortzea eta aldi berean buruko ileena. Lehenengoak eguzki-izpi murrizpena du kausa, aldiz, ile galeraren arduraduna gure fase telogenoa da, hau da, ilearen azken hazkuntza fasea. Ilea etengabe berritzen dugu baina udazkenean prozesu natural hau nabariagoa da pertsona anitzetan, erori aurreko azken hazkuntza fase edo fase telogenoan ile gehiago aurkitzen baitira. Ile bizi-ziklo osoa 16 eta 84 hilabeteen artekoa da eta egunean 50-100 ile eror daitezke. Alabaina, fase telogenoak 2-3 hilabete iraun ditzake eta egunean 200-300 ile galdu. Galera edo berritze prozesu hori berdina da gizon zein emakumeetan, nahiz eta batzuetan ile luzeagoa dutenek erortze esanguratsuagoa antzematen duten. Aipatzekoa da ere COVID-19a pairatu duten pertsona batzuek ile galera bortitzagoa jasan dutela gaixotasunaren ondorio moduan.
Prozesu naturala bada ere, oreka mantendu eta galera ez dadin gehiegi areagotu hainbat neurri hartu daitezke, esaterako; ilea ur epelarekin eta xanpu suabeekin garbitzea, lehorgailua edota plantxak gehiegi ez erabiltzea, orrazi naturalekin suabe orraztea, tindagai eta dekoloratzaileekin kontuz ibiltzea, edota ile hezea mototsetan biltzea saihestea. Horrez gain, estresa murriztu eta dieta orekatua jarraitu behar da, non B taldeko bitaminetan, burdinan eta antioxidatzaileetan (adibidez, C bitamina eta beta-karotenoak) aberatsak diren jakien kopurua handitzea eta gantz, alkohol, tabako eta kafe kopurua murriztea garrantzitsua den.
Bestalde, ilearen nutrizioa handitu eta folikulua estimulatuko dituzten produktuak lagungarri ere dira ilea zaintzerako orduan, medikuaren preskripzio edo errezeta gabekoak izanik botikan aholkatu eta gomendatu daitezkeenak.
Anpulu moduan formulatutako prestakinak dira eraginkorrenak, oso kontzentratuta baitaude eta zuzenean denbora luzez jardun ahal baitute, folikulua indartuz ile galera ez bortizteko eta oreka mantentzeko. Xanpu estimulatzaileen eta aho bidezko prestakinen erabilera ere oso lagungarria da, kapsula edo konprimituak dieta desorekatu eta urriak jarraitzen dituzten pertsonentzako gomendagarriak izanik. Ilearen keratina eta kolageno proteinen parte diren aminoazidoez osatuta daude, esaterako, arginina, zisteina eta metionina.
Aukera ugari
Horrez gain, EPA eta DHA omega 3 gantz azido antiinflamatorioak, selenio, burdin, kobre, zink, magnesio eta kaltzio mineralak, B, C, D eta E bitaminak, eta likopeno eta beta-karoteno moduko antioxidatzaileak ere izan ditzakete. Azkenik, folikulua estimulatu eta energia ematen duten printzipio aktiboak, adibidez, Ginkgo biloba eta kinina landare-estraktuak, odol baso zabaltzaileak diren ginseng eta erromero landare-estraktuak, ile erortze prozesua moteltzen duen Serenoa serrulata estraktua, edota ile-zurtoina gogortzen duen aminexil konposatua ere oso baliagarriak dira.