Ile mota bakoitzarentzako produktu bat baino gehiago dago aukeran; bakoitzari ondoen dagokiona aukeratu behar da emaitza onenak lortzeko.
Udako denboraldia amaituta, eguzkiak, itsasoko haizeak eta gehiegizko garbiketek ilean eragindako kalteak konpontzeko unea da orain. Garai honetan, ilea deshidratatuagoa egon ohi da, koloreak oxidatuagoak eta adatsak itxura opakoagoa izaten du, ohiko distirarik gabea. Zorionez, udak gaztigatutako ilea indarberritzeko tratamendu ezberdinak daude egun, batez ere kimikoki tratatutako adatsei bizi berri bat emateko pentsatuta daudenak.
Zumarragako Bicut ile-apaindegiko Silvia Guindulain eta Maria Eugenia Garmendiak diotenez, «ilea berritzeko eta indartzeko» tratamenduak dira gehien egiten direnak. Ile-apaindegian bertan egiten dituzte, bezero bakoitzak duen beharraren arabera. Olaplex deiturikoa, adibidez, «asko» eskatzen dute bezeroek eta «ilea proteinarik gabe geratu denean, ahul eta hauskor dagonean» egitea gomendatzen dute. Tratamendu bakoitzak bere iraunkortasuna du eta «gero eta gehiago egin, orduan eta hobe» mantenduko da ilea beraien esanetan.
Gizonezkoen kasuan, ilea gutxiago tindatzen dutenez, ez dituzte mota honetako tratamenduak gehiegi eskatzen. Ile erorketa da, batez ere, gizonezkoei gehien kezkatzen dien gaia eta ondorioz, «ilea indartzeko eta ‘gorputza’ emateko» lanak egiten dituzte gehiago gizonezkoetan.
Behin ile-apaindegian beharrezko lanketa egin eta gero, etxean jarraipena ematea gomendatzen dute, ahal dela «osagarri naturalak dituzten produktuak erabiliz». Silikona eta parabeno gutxiago izaten dituzte, eta ondorioz «ilea luzaroan garbi mantentzen laguntzen dute».
Garrantzitsua da ilea ondo garbitzea. Horretarako nahikoa da xanpu kantitate txiki bat ematea, «buru-azalean eman behar da, ez ilean», zehaztu dute. Xanpu naturalek lehendabiziko garbialdian ez dute apar askorik ateratzen, baina «igurzten jarraitu behar» da. Egokiena xanpuarekin bi ekinaldi egitea da, eta garbiketarekin amaitzeko maskara bat jartzea. Ile mota bakoitzarentzako produktu jakin bat baino gehiago dago merkatuan, eta horregatik, bakoitzari ondoen doakiona aukeratu behar da emaitza ahalik eta onenak lortu ahal izateko.