Eguberriak gerturatzen ari direnaren zantzu ugari ikus daitezke dagoeneko, eta horietako bat da Errigora saskien Herriak egiten du herria kanpaina. «Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes» dituen Errigora ekimenak, Nafarroa hegoaldea eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak diren elikagaiak Euskal Herriko etxeetara eramanez, eta saski bakoitzaren balioaren %25 Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzera bideratuz. «Auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen ekonomiko garrantzitsua egiten diogu». 2013an abian jarritako auzolan honi esker, Nafarroa hegoaldeko 13 herritan ludotekak jarri dituzte eta Errigorako 25 ekoizleek euskara planak jarri dituzte martxan.
Horretaz gain, beste helburu bat ere badu Errigoraren kanpainak: eguneroko kontsumo ohituretan eragitea. «Nafarroako hegoaldeak propio dituen produktuak Euskal Herriko plazan kokatzea dugu helburu, pixkanaka elikadura-sistemaren gaineko erabakiak gure esku izan daitezen pausu txikiak emanez».
Azaroaren 11ra arte eskatu daitezke Errigora saskiak, errigora.eus webgunean eta Goierriko hainbat elkarte eta erakundetan. Hiru saski daude aukeran, produktu eta prezio desberdinekin:
- Saski beltza. 55 euroan. Orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, oliba olio birjina estra, botila ardoa, ardo ozpina, dilista lehorrak, barazki menestra, arroza, pasta, sagar zukua, teilak.
- Saski berdea. 65 euroan. Orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, oliba olio estra, botila ardoa, ardo ozpina, dilista lehorrak, barazki menestra, arroza, pasta, sagar zukua eta teilak.
- Saski zuria. 75 euroan. Orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, oliba olio birjina estra, botila kriantza, ardo zuri apartsua, patxarana, pikillo marmelada, txokolatezko zigarretak, patxaran pastak eta polboroiak.