Gaizka Oiartzabal • Tabernaria eta musikazalea
Ez dut bizitza erraza izan. Beste askok bezala. Ez naiz hasiko hemen zerrenda osatzen, bakoitzak bere zama darama gainean. Baina ze demontre, ez naiz eroso bizi izan den horietakoa. Banituen beldurrak, susmoak, jakinmina, paranoiak batzuetan, gauza oso errealak beste batzuetan, eta horrela bizi izan naiz gaurdaino. Intentsitate horrek, urduritasun puntu horrek mantendu nau beti nire tokian. Noski eduki ditudala ahultasunak, gorabeherak eta kontraesanak. Baina etxean sartu aurretik atzera begiratzen baduzu, burua zure tokian eduki behar duzu. Hau da, paranoiko hutsa sentitzen zarenean izan behar duzu koherente, zorrotz eta egoeraren irakurketa egin.
Nire buruak ez du hainbesterako ematen gaur egun. Zama izango da. Eta momentu hoietan jartzen naiz abesti bat bilatzen, berrentzuten milagarren aldiz edo momentuan flipatzen aurkitu dudan kanta puxkarekin. Baina ez hori bakarrik, nire bizitzako egoera asko ulertzen hasten naiz, edo beste batzuenak. Edo egoera horiei hitzak aurkitzen hasten naiz. Eta orduan sentitzen dudan bakea sekulakoa da. Hori da nire esperientzia, musikak ulertzen lagundu didan ibilbidea. Ez dut ulertzen nire bizitza Buckingham Palace gabe, baina momentu horretan God Save The Queen zen nire ereserkia. Toki eta egoera bakoitzak abesti bat ekartzen dit burura. Beti musika, beti letra batzuk, edo talde bat.
Jarri ezazu musika zure bizitzan. Zure burua berkokatuko duzu, galduta bazaude. Edo galdu, hori bada behar duzuna. Beti dago hor. Ez du konturik eskatzen eta zoriontsuago biziko zara. Txiro, baino zoriontsuago. Zoriontasuna delako aberats izateko modu bakarra, eta horretara iristen laguntzen duen edozer da ongietorria. Musika bakarrik dator, eta bakarrik doa, gu geratzen gara bizipen eta oroitzapenekin. Hiru urte dira Jazzpana egiten ez denetik, eta hutsune handia da. Besarkada bat antolatzaile guztiei. Gainontzekoei, jarraitu herri-jaialdiak elikatzen desagertu baino lehen, eta ez ahaztu sekula ez gaudela denok. Zaindu eta JTK!