Gabiriako gazteek 2000. urteko azkeneko eguna, Urte Zahar arratsaldea, era berezian ospatu zuten. Aurreko urtean asto karrera egin bazuten ere, karretila lasterketa egitea erabaki zuten gabiriarrek 2000. urteari amaiera ona emateko helburaurekin.
Aurreko urteko asto karreraren arrakasta ikusirik, Goierritarra aldizkarian Aimar Maizek herriko kronikan jaso zuenez, «zerbait egitea bidezkoa» izango zela pentsatu eta gazte kuadrilla bati «sekulako ideia» bururatu zitzaion: karretila lasterketa egitea.
Pentsatu eta egin. Abenduaren 31n, 17:00etan, jarri zuten hitzordua Zuazolan, Olentzeroren antzera jantzita eta bikoteko karretila banarekin.
Egin beharrekoa lana ondorengoa zen, bikoteka: laguna gainean hartu eta txandak eginez Gabiriaraino, aldapan gora, zein lehanago iritsi. 200 metroro aldaketa egin beharra zeukaten.
Sei bikote lehian
Sei bikotek heldu zieten erronkari eta guztiak lortu zuten helburua betetzea, eguraldiak lagundu ez eta euripean aritu baziren ere.
Eñaut Igartzabal eta Josu Elgarresta izan ziren iristen lehenak, 14 minutu eta erdian. Bigarrenak, Oier Oiarbide eta Joseba Uzkudun izan ziren, hamar segundo beranduago. Hirugarrenak, azkenik, Jon Ander Elgarresta eta Mikel Maiora izan ziren, 15 minutu pasatxorekin. Gainerako hiru bikoteak, 18 minutuz azpitik iritsi ziren plazara.