Imanol G. Gurrutxaga • Zinema zuzendaria
Azken hilabete hauetan sekulako oihartzuna sortu duen telesail bati buruz hitz egitera nator. Begia edozein sare sozialetan ipinia baduzu, Txipiroiaren jokoa ikuslearen entretenimendu iturri nagusia izan dela ohartuko zinen. Telesail hori irailaren 17an estreinatu zen mundu mailan zabaltzen den Netflix izeneko plataforma digitalean, eta euren argitalpenen arabera, lehen 28 egunetan ikusleen datuek 111 milioitik gora egin zuten.
Aurrera segi aurretik gogoratu Berri txarrak taldearen esaldi hau: lider bat behar dugula dio, liderra izan nahi duenak.
Azken urteetan La casa de papel eta Stranger Things telesailak izan dira nazioartean Netflixek lortu dituen estreinurik handienak, abenduan eta 2022an azken denboraldiei aurre egin beharko dietenak, hurrenez hurren. Ikusle kopuruari dagokionez Bridgerton, Lupin eta The Witcher izan dira ikusienak. Halaber, 2022ari begira ez dute denboraldi berririk kaleratuko. Hala, Netflixen erakarpen indarra gutxitu egingo da.
2022ko urtarrilean HBOren House of the Dragon eta irailean Prime Videoren The Lord Of The Rings telesailak estreinatuko dira. Biek iraganean arrakasta handia lortu zuten film eta telesailen jatorria kontatzen dute; beraz, lehen egunetik ikusle zenbaki handi bat izango dute pantailen bestaldean. Hori gutxi balitz, The Lord Of The Rings telesaila historiako garestiena izango dela aurreikusi dute.
Netflixek estreinaldi handi bat behar du konpetentzia honi aurre egiteko; nolabait, ondoren sortuko den hutsunea beteko duen kontra-eskaintza bat. Posible balitz, iraganean errekorrak hautsi dituena; beraien datuen arabera bada ere.
Txipiroiaren jokoa 2022ko amaiera eta 2023ko hasiera bitartean estreinatuko da.