
Ezkerrean, Aitor Perez ‘Guda’ entrenamendu batean, hanketako babesgarriekin. Borrokaldietan batere gabe aritzen dira.
Txakurraren izenarekin osatu du Aitor Perezek (Beasain, 1990) borrokarako izena: Aitor Guda. K1 arte martzialean aritzen da, arerioari eskuekin, hankekin eta belaunekin kolpeak emanez. Aurten profesional mailara igoz urrats bat gehiago egin du eta inongo babes neurririk gabe aritzen da ringean. Bigarren konbate profesionala prestatzen ari da.
Zer da K1? Boxeoaren tankera bat badu, baina boxeoan ez bezala, hankekin eta belaunekin golpatu daiteke arerioa.
Arte martzial bat da. Boxeoaren antza badu, baina hala ere, boxeoan eskuak bakarrik erabiltzen dira, kickboxingean eskuak eta hankak, eta K1ean eskuak, hankak eta belaunak. Boxeoa egiteko eskuekin oso trebea izan behar da. Eta ni hankekin ondo moldatzen naiz.
Noiz hasi zinen?
Duela 11 urte Beasaingo Lorea gimnasioan hasi nintzen, baina beste arte martzial bat egiten genuen, Wushu Sanda. Baina borroka gutxi egiten genituen eta K1a egiten zuen lagun bat ezagutu nuen duela 4-5 ute, berarekin hasi nintzen entrenatzen Alegria-Dulantzin (Araba). Lorea gimnasioan jarraitzen dut entrenatzen. Bietan aritzen naiz.
Ze entrenamendu egiten duzu?
Alegria Dulantziko Lumpinee Fight Teamen hiru egun fisikoa egiten ditut eta larunbatetan sparring-a. Hau da, beste batekin borroka bat simulatzen dugu, babes neurriekin, ring edo tatami batean. Asaltoak jarri eta simulazioak egiten dugu. Kolpeak ematen ditugu. Astearte eta ostegunetan pisuak egiten ditut, Alex Rodriguez K1 borrokalariaren eskutik.
Entrenamenduetako borrokaldietan babes neurriekin aritzen zarela diozu. Borrokaldietan ez?
Orain arte amateur mailan ibili izan naiz, eta amateur mailan babesgarriak edukitzen ditugu hanketan eta buruan; eskularruak ere handiagoak dira. Aurten profesionaletan hastea erabaki dut eta entrenamenduetan minik ez hartzeko babesgarriekin aritzen bagara ere, borrokaldietan babesik gabe borrokatzen dugu. Eskularruak ere txikiagoak dira, azpitik bendaje gogor bat eramaten dugu. Alde handia dago, oso desberdina da.
Lehenengo borrokaldia azaroaren 20an izan zenuen Bilbon. Zer moduz joan zen?
Miribilllan izan zen. Ez zen oso ondo atera. Bigarren asalto erdian nokeatu egin ninduten. Baina hurrengorako beste esperientzia bat daukat.
«K1a arte martzial bat da. Boxeoaren antza badu, baina eskuak, hankak eta belaunak erabiltzen dira borrokaldietan»
KO geratuz gero, hurrengo borrokaldian parte hartzeko eperik badago? Errekuperatzeko protokolorik edo denborarik badaukazue?
Esaten dute KO utzi ondoren, beste borroka bat egiteko hiru aste edo hilabete bat pasatu behar dela. Lehenengo borrokaren ondoren pare bat aste hartu nituen entrenatzen hasi aurretik.
Kolpeak emateko prestatzen zarete, baina hartzeko ere prest egon beharko zarete.
Prestatu baino gehiago, kolpeak saihestea da gakoa, arerioak jo ez zaitzan. Azkenean inori ez zaio gustatzen jasotzea, baina jakin behar duzu, eman egingo duzula, baina jaso ere bai. Bestela, balletean edo beste kirol batean hasi. Emateko jaso egin behar da.
Hala ere, gustuko lekuan aldaparik ez dagoela dio esaera zaharrak.
Hori da, kolpeak hartzea tokatzen da. Baina gustatzen zait K1a. Serio entrenatzen dut.
Pisua ere zaindu beharko duzu. Kiloen araberakoak dira mailak? Zenbat kilotan lehiatzen zara?
Gose pixka bat pasatu behar izaten dugu bai. 70 kilo pisatzen baduzu, 64 kiloko mailan borrokatzen da normalean. Bilbon 66 kiloko mailan borrokatu nuen; 65 kilo pisatu nituen. Hurrengoan 63-64an egin nahiko nuke.
Horrek zer esan nahi du?
Gabonetan gosea pasatu beharko dudala. Baina profesionaletan pisaketa aurreko egunean egiten da. Orduan, pisatu ondoren, errebote efektu bat eginda, kiloak irabazten dituzu. Aurreko borrokan, adibidez, ostiralean 65 kilo pisatu nituen, eta hurrengo egunerako 5 kilo berreskuratu nituen. Besteek ere berdina egiten dute. Nutrizionistarekin (nire anaia Mikel da) ibiltzen naiz.
Nola hartzen dira egun batean bost kilo?
Borrokaren astean fibra eta hidratoak murrizten joan ginen gutxinaka eta azkeneko egunean, pisaketa egunean, barau egin nuen. Aurreko egunetan pixkanaka ura kentzen joaten zara eta azkeneko egunean daukazuna kentzen duzu. Eta gero egun bat daukazu errekuperatzeko. Pixaketa ondoren errehidratazioan zentratu ginen. Hau da, ondo asentatzen zaidan janari karga sartzen joan ginen nire pisu normala lortu arte.
Egun zailak eta gogorrak datoz pisua zaintzeko.
Gabonetan ondo egiten saiatuko naiz. 24an eta 31n askeago ibiliko naiz baina besteetan ondo egiten saiatuko naiz.
Badakizu hurrengo borrokaldia noiz daukazun?
Otsail hasieran edo.
Ingurukoek zer esaten dizute?
Ondo. Amari ez diot esaten noiz daukadan borrokaldia. Begia hazita dudala ikusten didanean, esaten dit 31 urte dauzkadala eta badudala garaia uzten joateko…
Zenbat denborakoak izaten dira borrokaldiak?
Profesionaletan hiru minutuko hiru borrokaldi izaten dira; amateurrean, bi minutuko hiru borrokaldi. Amaitezinak egiten dira hiru minutuak, oso gogorrak egiten dira.
Zein ezaugarri behar ditu K1eko borrokalari batek?
Erreflexu onak, bizia izatea… eta kolpea aguantatzen jakitea. Kolpe bat ematen badizute, aurrera jarraitu behar da.
Bizitzan bezala.
Bizitzako golpeak ring-ekoak baino gogorragoak dira, denok dakigu hori.
Epe motzean, zein duzu helburua K1 kirolean?
Gustura entrenatzen dut, forman mantentzen naiz eta hori da nire helburua une honetan. Janaria zaintzen dut, kirola egiten dut, 31 urtetan hobby-a izan da eta horrela izaten jarraitu nahi dut. Ez dut txapelduna izatea bilatzen. Euskadiko txapeldun izan naiz K1ean amateurretan, bi urtetan segidan, Espainiakoa Samdan. Orain gustura gelditzea da helburua.