Leire Garmendia • Laia Ingurumen Zerbitzuak (Beasain)
Goierrin 50 urte baino gehiago duten etxebizitzak etxebizitza guztien %30 inguru dira. Honenbestez, legeak eraikin berriak isolamendu termiko ona izatera behartu aurretik eraiki ziren etxebizitza horie. Ondorioz, ordutik etxebizitzak eraberritu ez badira, oso litekeena da hauek hotz eta bero galerak izatea, honek dakarkien energia galerarekin.
Energia gaiek, eta batez ere energia berriztagarrien bultzadak eta auto-hornikuntza ekimenek azkenaldian hartu duten garrantzia aintzat hartuta, ez genuke ahaztu behar energia galera egoera hauek ekiditeko neurrien beharra.
Birgaitzeko premia duten etxebizitzak etxebizitza guztietatik %49 dira foru aldundiak 2019an egindako ikerketen arabera.
Isolamendu termiko eskaseko etxebizitzetan bizi diren familiei energia galera horrek fakturaren igoera suposatzeaz gainera, bizi konfortaren galera eta uste baino gehiagotan osasun arazoak izatea eragiten die.
Etxebizitzak energetikoki birgaitzeak eta isolamendu egoki batekin janzteak hainbat onura ekarri ahal dizkigu:
- Dirua aurreztea: Termikoki isolatutako etxebizitza batek bero gutxiago galduko du; hortaz, etxea berotzeko behar den energia txikiagoa izango da, eta fakturan aurreztuko da.
- Konforta hobetzea: Termikoki isolatutako etxebizitza batek erabiltzailearen ongizatean eragiten du, etxe barneko erosotasun-baldintzak mantentzen lagunduz.
- CO2 isurketak murriztea: Termikoki ondo isolatutako etxe batek energia kontsumoa murrizten laguntzen du, eta beraz, negutegi-efektuko gasen (NEG) isurketen murrizketan eragina izango du.
- Osasun baldintzak hobetzea: Isolamendu termikoak eta aireztapen egokiak hezetasuna eta kondentsazioak ezabatzen laguntzen dute; ondorioz, arnas arazoak sortzen dituzten lizunak agertzea ekidin dezakete.
- Zarata murriztea: Isolamendu termikoko materialek baldintza akustiko onak izaten dituzte, eta nabarmen murrizten dute kanpotik edo bizilagunengandik datorren zarata.
- Higiezinaren balioa handitzea: Deskribatutako abantailak argudio positibo gisa erabil daitezke etxebizitza alokatu edo saltzeko asmoa izanez gero.