Loli Gonzalez Garate Ordizian jaio zen, baina duela 16 urte Zerainera joan zen bizitzera senarrarekin. «Natura, baserri, lana eremu… bila etorri ginen. Zerain herri eredugarria iruditzen zitzaigun eta oso gustura gaude hartutako erabakiarekin. Hemengo jendea oso jatorra da eta harrera bikaina egin ziguten». Erretiroa hartu aurretik Orkli enpresan lan egin zuen, eta egun baratzea, fruta arbolak eta loreak zaintzea dira bere lanak. Baita herriko ekitaldien antolaketan eta ekitaldi horietan parte hartzea ere. Zerainlabeko eta Antolar jubilatuen elkarteko kidea da.
Pelikula edo telesail bat?
Tomates verdes fritos eta Cadena perpetua.
Musika talde bat edo musikari bat?
Mikel Laboa. Seme-alabei Mikelen musika jartzen genien haurrak zirenean.
Abesti bat?
Txoria txori.
Kolore bat?
Gorria.
Oporretarako toki bat?
Pirinioetara joateko ohitura dugu.
Zer gosaltzen duzu?
Fruta plater bat, olo katilu bat eta tostada etxean egindako marmeladarekin.
Zein izan da zure bizitzako egun bereziena?
Bere gorabeherekin, guztiak dira onak.
Jaso duzun opari bereziena?
Hiru opari oso berezi jaso ditut. 60 urte bete nituenean seme-alabek elkarrekin bizitako une politenak papertxoetan idatzi zituzten eta pote batean sartu. Bizi Potea deitu zioten. Bestalde, jubilatu nintzenean, lankideek bideo bat egin zuten. Senarrak egindako lehen oparia ere berezia izan zen: Landetan jasotako egur batean aurpegi bat margotu zuen.
Zerainen biziko ez bazina…
Ordizian. Jendearekin egotea gustatzen zait eta bi herrietan lagunak ditut.