Denok pentsatu dugu noizbait telesail batzuk gehiegi luzatu dituztela, diruari kalitateari baina garrantzi handiagoa eman diotela. Askotan zazpi ataletako telesail batek gehiago asetzen gaitu hamaika denboralditako batek baino. Gertuko adibide bat ematearren, ETBn euskaratuta eman zuten Bikia (Tvin). Horregatik, denboraldi bakarreko telesail laburrak dakarzkit oraingoan.
- Years and years (Urteak eta urteak). Aspaldian ikusi dudan serie hoberena da, oso gertuko etorkizun distopiko bat erakusten du, baina gure etorkizunari begira zaudela irudituko zaizu daukan errealismoagatik eta gertakizunengatik. 6 ataletan 15 urte igarotzen badira ere, ez dira dirudien bezain arin pasatzen, eta pentsarazi egingo dizu.
- It’s a sin (Bekatu bat da). Bekatu benetan gozoa honakoa, aurrekoaren idazle berbera baitu, Russell T Davies. Londresko lagun talde bat da protagonista, Hiesa zabaltzen hasi zen garaikoa. Ikusleen sentimenduekin jolasteko daukan gaitasunagatik mukizapiekin ikustea gomendatzen dut, baina azken finean hori da intentzioa, garai hartako sufrimendua transmititzea.
- Veneno (Pozoia). Nola ahaztu Espainiatik irten den miniserierik hoberena. Cristina La Veneno Ortiz, horren ezaguna den izenaren atzeko pertsona, telebistako pertsonaiaren atzean dagoen historia eta isilduak izan diren horrenbeste pertsonen historia, dena 8 ataletan.
- L’effondrement (Erortzea). Gizarte sistemak lurra jo du eta anabasa nagusitu da. Kapituluak pasa ahala egunak esponentzialki aurrera doaz eta pertsonaiak aldatu egiten dira, azkenak denboran atzera egin eta azaltzen duen arte. Produkzio frantses honek sofaren ertzean mantenduko zaitu, tentsio batean.