Elkarrizketa honek argia ikusiko duen egun berean Zaldibian, baserriz baserri, Santa Ageda bezperako koplak abesten ibiliko da Jexux Mari Jauregi ‘Altzo Txiki’ (Zaldibia, 1961). Baserrietako jira egin ondoren, herriko tabernetan bukatuko dute saioa. «Kopla da nire neurria, gustura aritzen naiz kantari. Aurten gainera talde berria aterako gara, bertsolari gazteekin». 30 urte inguru dira ohitura berreskuratu zutela, eta urte askoan Altzo Txiki eta Patxi Iraola ibili baziren ere, orain koplari talde zabalagoa dabil. Gaur egun, gehienbat, lagun artean aritzen da Altzo Txiki bertsotan. Azken bi urteetan egoera zaildu bada ere, «ia astero» biltzen da Goierriko taldea. «Zaldibian bertan ere badugu bertsotan aritzeko taldetxoa».
Ze zaletasun dituzu?
Denetik pixka bat: bertsoak, herri kirolak, baserria, mendia, jan-edana…
Pelikula bat.
El nombre de la rosa.
Liburu bat.
Txillardegiren Euskal Herria helburu, euskaldun guztiek irakurri beharrekoa.
Musika talde edo abeslari bat.
Evaristo.
Abesti bat.
Mendian gora haritza.
Kolore bat.
Gorria.
Oporretarako leku bat.
Kubako mendi aldea asko gustatu zitzaidan.
Zer gosaltzen duzu?
Ahal bada etxeko fruituak, zein fruitu lehorrak. Ondoren tabernan pintxo bat.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Emaztea hil zenean egin zitzaion agurra.
Jaso duzun oparirik bereziena.
Dantza egiten duen piladun asto bat.
Amets bat.
Independentzia eta sozialismoa.
Bizitzako plazer txiki bat.
Sutondoan jarri eta bertso zaharrak entzutea.
Goierriko txoko bat.
Bizi naizen lekua.
Zaldibian biziko ez bazina…
Nonahi biziko nintzateke ondo.