Kilometro bertikalean Euskadiko txapelduna da Ander Oiarbide Zubeldia (Segura, 2004). Araian (Araba) izan zen lasterketa, joan den udazkenean, eta Aratz mendiaren gailurrean zegoen helmuga. Bere estreinako urtean, gazte mailako lehen postua lortu zuen Oiarbidek.
Nola joan zen 2021eko denboraldia?
Belauneko zaintiratu batengatik bi hilabete geldi egon nintzen. Itzulitakoan, Axari Trail lasterketa probatzeko gogoz nengoen. Tamalez, asma arazoengatik ezin izan nuen lasterketa amaitu. Gero, Josetxo Imaz lasterketan parte hartu nuen Ordizian. Hortik bi astera zen Araiako proba, eta lehengusuak animatuta joan nintzen.
Zenbat kilometroko lasterketa zen?
Bost kilometro inguru eta 900 metro desnibela. Aurreneko bi kilometroak nahiko etzanak ziren, hirugarrenetik aurrera hasten zen benetako zailtasuna.
Joan eta irabazi.
30 segundoero irteten ginen lasterkariak, eta ni lehena irten nintzen denetan. Lehen aldia nuen horrelako lasterketa batean, eta aurrena irtete hori arraroa egin zitzaidan. Halere, nire entrenamenduak eginda nituen Aizkorri inguruetan. Horregatik, lasai joan nintzen, nik nirea egin behar nuen, besteei begiratu gabe. Erloju babe joan nintzen, sentsazioei erreparatuz. Ez nuen denborarik edo pultsaziorik jakin nahi.
Lasterkariak aurreratzen joan zitzaizkidan, baina ez ziren gazte mailakoak. Gordetzen joan nintzen. Momentu batean, hiruk batera pasa ninduten eta gogorra izan zen. Bi kilometro faltan, Euskadiko selekzioko batek aurreratu ninduen, baina ikusten nuen ez zidala tarte handirik ateratzen. Horrela konturatu nintzen ondo nindoala.
Denbora ona egin zenuen.
Gailurrera iritsitakoan ikusi nuen. 50 minutu eta 12 segundo. Banekien denbora ona zela. Aurreko astean, aitarekin izan nintzen ibilbidea ikusten eta 50 minuturen bueltan ibili nintekeela esan nion. Esan zidan 50 minututik jaitsiz gero, Etxarrira parranda egitera joaten utziko zidala. 12 segundogatik ez nuen lortu, baina, azkenean, utzi zidan.
Noiz jakin zenuen garaipena lortu zenuela?
Banekien nire adinekoren batek lau minutu okerragoko denbora egin zuela, baina besterik ez. Behera jaitsi, aldatu eta pintxo bat jatera joan nintzen. Badaezpada ez nuen etxera joan nahi sailkapena jakin aurretik. Megafonotik nire izena esan zuten, eta harritu egin nintzen. Sentsazio onak izan nituen, baina ez nuen uste hain ondo irtengo zenik.
Aurten, zein izango dira zure helburuak?
Gazte mailan bigarren urtekoa izango naiz aurten. Orain entrenatzen nabil. Txirrindularitzan ere aritzen naiz, baina sustoren bat izan dut, eta entrenatzen gustura ibiltzen naizen arren, ez dakit lehiaketarako nola egongo naizen.
Mendian lasterka bai, ibiliko naiz. Maiatzean izango den Txindokiko kilometro bertikala begiz jota daukat. Hilabete beran Sanson, Segurako proba dago, eta udan, Euskadiko txapelketak, Anboto aldean. Gerora, Axari Trailen iazko zapore txarra kendu nahiko nuke.