Ospa izan daiteke ospatu, egun edo une eder bat modu berezian bizitzea … Zer? Gaur egun ezin dela? Ospakizunari zer nolako kutsua eman nahi zaion, haren arabera izango da hori. San Blas eguneko herri bazkaria edo paella jana ezin da egin; pena, hotzak hotz ederra izaten baitzen ekintza xume bezain parte-hartzaile hura. Baina egin daiteke egun pasa familian, lagunekin, paella etxetik egina eramanda. Goitibera jaitsiera ezin da egin, baina datorren urterako goitiberari hobekuntzak egin diezazkiokegu. Kandelak edo argizaria ezin da bedeinkatu, edo bai, norberak egun horretan eskaerak egin diezazkioke zerbait sakratuari, suari, naturari, itsasoari…eta denontzat eztarriko mina betirako kentzea eskatu. Une eta okasio asko ditugu ospatzeko, juntadizo handi eta jensetsu baten zain egon gabe. Bizitzak momentu edo ataka zail askoren aurrean jartzen baikaitu asko espero gabe eta momentu txikiak ospatzen edo gozatzen ikasi behar dugu. Beraz berandu baino lehen ondoan ditugun altxorren alde, topa!
Hala ere, ospa izan daiteke, alde hemendik, uxa, kendu… Aurtengoak agian bigarrenetik gehiago izan dezake, zergatik ukatu! Bakoitzari gauza ezberdinek mugituko die barrena. Badakigu zer nahi dugun betiko amaitzea, beraz doala etorritako bidetik. Baina egunerokoan gauza gutxi behar izaten da norbere onetik ateratzeko eta arnasa sakon hartu eta aurre egin diezaiegun! Esan ospa beldurrei, debekuei, besteei kontu hartzeei, eskubide urraketei, negativo izateari ospa!
Hoberenak diren uneak
Ditzagun, zuk eta nik elkarrekin ditugun asmoak izan daitezke. Gutaz ari da, askoz ere hobea baita egin behar duguna elkarrekin egitea. Sarri gauza asko bakarrik egin nahi izaten ditugu, baina elkarrekin egindakoak beste dirdira bat hartzen du. Eraiki nahi duguna hobea, sendoagoa eta guztiona izango baita. Izalgo festak bezala, elkarrekin egin ditzagun! Agian hauxe izango da garaia eztabaidagarria suertatzen den data aldaketaz hausnartzeko. Dena alda daiteke, eta batez ere, dena debeka daiteke, baina San izena duen ezer ezin al da zalantzan jarri? San Blas jaiak, San Inazio jaiak edo San Migel jaiak esate baterako? Hartzen diren erabakiek ondorio bat izaten dute eta hartzen ez diren erabakiek ere bai.
Best-ak norberarentzat hoberenak diren uneak lirateke. Horrela irudikatzen ditut nik. Barre txikia eragiten duten une horiek, asko dira eta ezin denak aipatu:
- Zirika Irratiko lagunok elkarrekin pasatzen ditugun uneak, magikoak dira. Horixe dute, norbera den bezalakoa izan daiteke han eta dena berez gertatzen da. Ez dio axola hainbeste zer egingo duzun, norekin egingo duzun baizik!
- Herri Krosak 41. edizioa ospatu du aurten. Hori da kategoria! Hori da antolakuntza! Izugarria sortzen den giroa, sanoa, herrikoia, parte-hartzailea… Bejondeizuela! erreleboa ongi merezia duzue. Gu esku bat botatzeko hor izango gara datorren urtean ere!
- Txistulari alardea, ikusi, entzun eta bizi ez duenak nekez balora dezake horrelako ikuskizun zoragarria. Herritarrak protagonista, maisu apartak gidari eta txistulari eta ikus entzuleentzat plazera!
Jarri hemen zure erretratua, nik gustura irakurriko nuke, baina musukorik gabe mesedez!