Noemi Insausti Lopez • Nutrizionista – EUS00304 (Beasain)
Azken urte hauetan, gero eta gehiago hitz egiten da sare sozialetan, telebistan eta abarretan baraualdiari buruz. Baina zertan datza? Gaur egungo moda bat gehiago al da? Baraualdia, janaririk hartu gabe igarotzen den denbora da. Aldizkako baraualdia, berriz, janariak soil-soilik ordu zehatzetan hartzean edo bat-batean otorduren bat ez egitean oinarritzen den elikadura alorreko aukera edo estrategia bat.
Elikadura praktika hori ez da duela gutxi sortutako moda bat; lehenago ere egin izan da, gure arbasoek, adibidez, nahiko denbora luzea igarotzen baitzuten otordu batetik hurrengora arte. Gainera, egunerokotasunean (lo egitean), erlijio munduan (ramadana) eta naturan ere (hartzek negua pasatzean) txertatua dago.
Baraualdi mota desberdinak
Baraualdien artean mota desberdinetakoak aurki ditzakegu. Ezagunenak TRF delakoa eta aldizkako baraualdia dira.
TRFa (Time-restricted feeding ingelesez; elikadura murriztua, alegia) da gehien egiten dena: egunean 8, 16 edo 20 orduz jan gabe egon eta gainontzeko orduetan otordu normalak egitean datza.
Aldizkako baraualdietan, aldiz, 5:2 motatakoak ditugu, batetik; hau da, bost egunez ad libitum (nahi duzuna) jaten da, beste bi egunez barau egiteko; edo bat-batean otorduren bat (gosaria, esate baterako) egiten ez dutenak.
Osasungarria al da?
Eztabaida handia dago gai honen harian. Badaude guztiz alde daudenak, baita guztiz kontra daudenak ere. Horrelakoetan, zentzuz jokatzea da beti gakoa eta iturri fidagarrien bidez ondo informatzea.
Baraualdia ez da deabrutu behar, ezta idealizatu behar ere. Egia da zenbait kasutan lagungarri izan daitekeela, beti ere ondo egiten bada, noski.
Pertsonaren testuingurua
Oso garrantzitsua da pertsonaren testuingurua ezagutzea eta horren arabera praktikan jartzea, ez baita egokia denentzat. Batzuentzat lagungarri izan daitekeen bezala, beste batzuetan guztiz desegokia ere izan daiteke. Noiz ez litzateke erabili behar? Elikadura arazoak dituztenekin, garapen prozesuan daudenekin (haurdunak, haurrak, nerabeak), 1. motako diabetesa dutenekin, dementzia edo agerraldi psikotikoak jasaten dituztenekin edota malnutrizioaren ondorioz pisua irabazi behar duten pertsonekin behintzat ez litzateke gomendagarria izango.
Baliteke, ikerketa gehiago egiten diren heinean, etorkizunean beste zenbait kasutan ere erabilgarri izatea, edo alderantziz; horregatik garrantzitsua da ondo informatuta egotea. Egokiena aditu bati aholkua eskatzea izango litzateke.
Profesional kualifikatuarekin
Baraualdia profesional kualifikatu batekin egitea ere garrantzitsua dela azpimarratu nahiko nuke, aurretik aipatu dudan bezala mota askotako baraualdiak daudelako, eta ondorio larririk ez izateko prozesuak nola funtzionatzen duen ezagutzea behar-beharrezkoa delako.