Leku-izenek parajearen ezaugarriak jasotzen dituzte gehienetan: haitzaren azpian badago Aizpee; urdeak ibiltzen diren lekua bada, Urdaneta; erreka ondoan badago, Errekalde; harrate edo harrasate bat badago, Arrasateta; eta abar. Ez hori bakarrik, leku-izen asko eta asko garai bateko hiztegietako hitz arruntak dira, gaur egun oso bitxiak direla iruditu arren. Hasiera batean ez ziren izen propio, alegia. Gaur egun ‘potzu-leku’ esaten dugun bezala, garai batean ‘idoiaga’ esaten zen; gaur egun ‘leku aldapatsu’, garai batean, ‘aierdia’…
Legorretako leku-izenak ere ez dira salbuespen. Guk han ezaguna den bati helduko diogu: Koate. Gaur egun auzo baten izena da, eta bere baitan hainbat baserri hartzen ditu: Artzaienea, Koategoena, Koate-Urkiaran, Koateerdi, Koatebarrena eta Koateetxeberri. Nondik dator izena, ordea? Kobatik ote dator? Non dago atea? Horretarako argigarriak izaten da bi ariketa egitea: lehenengoa, agiri zaharretan nola azaltzen den begiratzea eta, bigarrena, Koate inguruari bistadizo bat ematea, ezer berezirik duen aztertzeko.
Agiri zaharretan lehen forma
Agiri zaharretan begiratuta, laster konturatuko gara R letra azaltzen dela behin eta berriz: «casería de Coroate» (1786), «puente de Corovatte» (1808)… Horrek, ‘koro(na)’ hitzera bideratzen gaitu, eta ‘koba’ baztertzera. ‘Korona’ edo ‘gorona’ latineko ‘corona’ hitzetik dator, eta adiera hau ere hartzen du hainbat testuingurutan: forma biribila duena, batez ere leku garaietan (RAE).
Datu hori edukita, ingurua aztertzen badugu, konturatuko gara Koate auzoaren goiko gaina biribil-biribila dela eta hura izan litekeela jatorrizko ‘koro’ edo ‘korona’. Horren alde esan behar da, gainera, antzeko leku-izen gehiago ere badirela Gipuzkoan bertan: Koroaitza (Albiztur), Koroategi (Azkoitia), Koroa (Mutriku eta Aretxabaleta)… Eta, beharbada, Idiazabalgo Garna eta Legazpiko Biozkorna.
Bigarren auzia argitzeko, ‘ate’ amaierarena, goian aipatutako bi ariketak errepikatu behar dira. Hala, konturatuko gara agiririk zaharrenetan ez dela beti ‘ate’ hitza azaltzen: «Goroeta de arriba» (1714), «Urquiaran Coroeta» (1830)… eta ingurua miatuta, ikusiko dugu han ez dagoela antzinako mendate edo harraterik. Badirudi, hortaz, kutsatze fenomeno bat egon dela, eta garai batean ‘-eta’ zena, denborarekin ‘-ate’ bilakatu dela.
Hortaz, ematen du jatorrizko izena ‘Goronaeta’ behar zuela eta denborarekin Koate itxura hartu duela.