Familiatik datorkio ibilketarako zaletasuna Hodei Caballero Parrari (Ordizia, 2003). Egun, Granadan bizi da eta goi-mailako arkitektura ziklo bat ikasten ari da han. Joan den urtarrilaren amaieran, bosgarren postua eskuratu zuen Espainiako 20 urtez azpiko ibilketa txapelketan eta Euskadiko errekor berria ezarri zuen.
Ibilketagatik joan al zinen Granadara?
Bai. Iaz batxilergoa amaitu nuen eta, inguruan, ez zen ia inor ibiliketan aritzen. Entrenatzailea ere kanpoan bizi da, eta gehienetan, bakarrik entrenatzen nuen. Gogorra da kilometro asko bakardadean egitea eta erabaki genuen aukera ona zela Granadara joatea.
Zergatik Granada?
Nire entrenatzaileak Espainiako selekzioko prestatzaile batekin du harremana. Hark Granadan entrenatzen du talde bat. Horregatik joan nintzen hara, entrenatzera, eta ikasten ere banabil. Familiak asko animatu nau, nire errendimendua hobetzen lagunduko zidala eta. Oso gustura nabil.
Granadan hamabost kide inguruko taldean entrenatzen dugu. Gainera, Europako txapeldunekin edo Olinpiar Jokoetan parte hartu dutenekin entrenatzen dut. Horrek asko motibatzen du.
Halere, Tolosako taldean jarraitzen duzu. Euskal Herrian bada ibilketarako ohiturarik?
Espainian bilketarako ohitura badago; gure inguruan, ordea, ez dago ohitura handirik. Lasterketak badaude, baina gutxi.
Familiatik datorkizu zaletasuna. Betidanik aritu al zara ibilketan?
Lehenago futbolean aritzen nintzen, eta gerora, atletismoan ere bai, krosak eta horrelakoak lehiatzen. Egun batean, aitak ibilketa probatzera eraman ninduen pistara, eta ordutik gero eta gehiago gustatu zait diziplina hau. Erabakitzeko unea iritsi zenean, futbola uztea erabaki nuen.
Berriki, bosgarren izan zara Espainiako txapelketan. Zure lorpenik handiena al da?
Lasterketa hori nuen helburu, eta, bai, nire lorpenik handiena izan da. Gainera, Euskadiko errekorra jarri nuen 44 minutu eta 34 segundo, hamar kilometrotan; aitak [Jon Ander Caballero] zeukan lehengo marka.
2022an zein izango dira zure erronkak?
Neguko probak amaitu dira, horiek errepidean izaten dira. Orain, atseden txiki bat hartu eta udako txapelketak, pistan izaten direnak, prestatzen hasiko naiz. Udako erronka, hamar kilometrokoan 44 minututik jaistea izango da, eta pistako Espainiako txapelketan ahalik eta postu onena lortzea.
Kuriositatez, nolakoak izaten dira ibilketako entrenamenduak?
Aurredenboraldian korrika asko egiten dugu, baita indarreko lana ere. Gero, ibilketarekin hasten gara. Denboraldian zehar, astean sei saio egiten ditugu: egun batzuetan serie laburrak eta beste batzuetan luzeak, horiek errodajeekin zein teknikarekin konbinatzen ditugu.