Juan Ramon Goikoetxea (Ataun, 1955) Aztiriako Maria Jesus Debarekin ezkondu zen, eta hango Aztiria erretegian lan egin zuten urte luzez. Txirrindularitza zalea da eta makina bat txirrindulari pasa ziren bertatik. Realzalea ere bada eta bere talde kuttunak gol bat sartzen zuen bakoitzean suziri bat pizten zuen.
Zaletasun bat?
Mendira joatea.
Gustuko mendia?
Otaño. Etxetik 40 minutura dago, baina tabernan lan egin genuen urteetan, behin ere ez ginen joan.
Txirrindulari bat?
Lehen Marino zalea nintzen. Oraingoen artean, Alex Aranburu –iloba du–, Gorka eta Ion Izagirre, Jon Ander Intsausti eta Pello Olaberria.
Pelikula edo telesail bat?
Los pilares de la tierra. Emazteak ez dit Troya eta halakoak ikusten uzten.
Abeslari bat edo musika talde bat?
Euskaldunak, guztiak. Supertramp, Mike Oldfield… ere bai.
Abesti bat?
Imanolen De Trevilleren azken kanta.
Kolore bat?
Morea.
Oporretarako toki bat?
Tabernan lan egiten genuenean, Kanariar Uharteetara joaten ginen.
Zer gosaltzen duzu?
Tostada etxean egindako sagar marmeladarekin eta kafea.
Zure bizitzako egun bereziena?
Aurreneko umea jaio zenekoa.
Goierriko txoko kuttuna.
Ataungo sagardotegira, Demetriorengana, oso gustura joaten naiz. Niretzako oso toki berezia da, lehen lagun baten ukuilua baitzen.
Aztirian biziko ez bazina…
Beasainen. Aitak Beasainen lan egiten zuen eta 10 urte nituenean bertara joan ginen.