Imanol G. Gurrutxaga • Zinema zuzendaria
Ingurunea gure kontroletik kanpo mugitzen da. Bizitzan ematen diren zenbait egoerak arrazoi eta ondorio zuzena duten moduan, beste hainbatek ez dute amaiera zehatzik. Besterik gabe, azaldu eta desagertu egiten dira, gu geu bizitzaren ikusle sinple bilakatuz. Baina hor jarraitzen dugu, gertatu denak guregan duen eragina ulertu nahian. Filmeek harreman zuzena dute bizitzarekin. Azken finean, bi ordu inguruko gertaera horiek gure bizitzaren parte bilakatzen baitira.
Under the skin filmak emakume gazte baten gorputza hartu duen alien baten istorioa kontatzen du. Hiriko kaleetan gizonezkoak autora gonbidatu, industria-nabe batera eraman eta bertan barneak husten dizkiete, modu magikoan, azala soilik utzi arte. Informazio hori era errazean ulertzen den arren, filmaren esanahia eta mezua ezagutzeko saiakera egin behar da, eta dena xehetuta ematera ohituta gauden munduan, ulermen falta horrek, filma arbuiatzera eraman gaitzake.
Batzuetan ona da gure eskuetatik kanpo denaren parte izatea. Badirudi adituek soilik gozatu dezaketela film hauekin, baina ez. Film asko daude azal komertziala izan arren, ikuslea pentsatzera eramaten dutenak. Misterio filmeetan hiltzailea nor den jakiteko puzzle piezak lotzen ditugun moduan, ulertzen ez ditugun filmak konprenitzeko ahalegina egin beharko genuke. Honen adibide dira The lighthouse, The green knight edota Under the skin bera. Izan ere, film batzuek ez dute azalpen garbirik idazlearen burutik harago, baina bizitzak berak ere ba al du beti esanahi bat?