Miren Estensoro Garcia • Ekonomia ikertzailea
Pandemiaren eta Ukrainako gerraren ondorioak ekonomian duen eragina ezagun dugu. Gurean ere, agerian geratu da energiaren eta lehengaien mendekotasuna eta mundu mailako merkataritza eta garraio fluxuekiko dugun dependentzia. Une honetan bizitzen ari garen zaurgarritasunak nola harrapatu gaitu Goierrin? Eskuragarri ditugun azken datuen arabera, 2009ko krisitik hona ekonomia hazi egin da Goierrin, eta beste eskualde batzuetan baino gehiago gainera. BPGa %20 igo bada Gipuzkoan, %32ko izan da hazkunde hori Goierrin. Industria jarduerak asko du esateko hazkunde horretan. Izan ere, Goierriko ekonomian industriak duen pisua ere zertxobait hazi da azken hamarkadan. Industriako enpleguak %50eko langa gainditu du dagoeneko, Gipuzkoako %24ko aldea handituz. Eta harago joanda, agerian geratzen da enpresa handienen jarduera giltzarria dela industria jarduera osasuntsu mantentzeko garaian. Izan ere, gainerako eskualde industrialekin alderatuta, industria establezimenduen bataz besteko tamaina handiagoa da orain ere Goierrin. Nazioartekotze eta ikerketa eta garapeneko (I+G) adierazleetan ditugun emaitza positiboak enpresa handien jarduerarekin zuzenean lotuta daude. I+Gko adierazleetan bereziki, beste eskualdeekiko dugun aldea azpimarragarria da. Beraz, Goierriko ekonomia, orokorrean, osasuntsu harrapatu du krisi berri honek. Izaera industrialak bere horretan dirau eta enpresa handienek duten traktore izaera ere mantentzen da.
Dena den, argazki honek erronka desberdinak plazaratzen ditu. Alde batetik, gaur-gaurkoz nazioarteko testuinguruari lotuta dauden erronkak. Energiaren prezioaren hazkunde edota lehengaien mendekotasunari aurre egiteko tokian tokiko irtenbideak bilatzeko aukerak badaude. Eskualde mailan burujabetzarako ekimenek indarra hartzeko parada dute adibidez. Hala nola, testuinguru honetan enpresetan hartu beharreko neurriak definitzeko garaian, enpresa arteko lankidetzak balio berezia izan dezake.
Bestetik, egungo urgentziak itsututa alboratuta gera daitezkeen erronkak agerian uztea ezinbestekoa da. Hasteko, agerian geratzen da enpresa handi eta txikienen arteko arrakalak arreta mantentzea eskatzen duela. Lehiakortasun adierazleetan Goierrik dituen emaitza positiboak ez dira ehun industrial osora zabaltzen, eta berrikuntzarako marjina oraindik nabaria da enpresa txiki eta ertain askotan. Hala nola, izaera industriala duten eskualdeetan partekatzen diren erronkak daude: genero arrakala enplegu tasetan eta trantsizio berdea batez ere. Eta badira Goierrin bereziki azpimarragarriak diren erronkak ere. Bata, esaterako, atzerrian jaiotako biztanleriaren portzentaia altua dela eta, guztion ongizatea bermatzeko lan merkatuaren doikuntza. Bestea, trantsizio digitalerako giltzarri diren zerbitzu aurreratuetako jarduera gabezia, eta horiek sortu edota lankidetzan aritzeko beharra.
Ikasle ona den gure ekonomiari etxeko lanak pilatzen zaizkio. Urgentziazkoak, eta baita bere bizitza egingarri eta jasangarri egiteko modukoak ere.