Nekane Gonzalez • Legazpi
‘Izan zirelako gara’ dio esaera zaharrak. Eta gaur egungo Legazpiko Bertso Olariak (LBO) bertso eskola bada, duela 34 bat urte bertsozale talde bat elkartzen hasi izanari esker da. Orduantxe esan omen zioten lehen aldiz «bertso eskola», nahiz eta herrian aurretik ere bazen bertso tradizioa.
Iñaki Azarolaren gidaritzapean elkartzen ziren hainbat legazpiar, zapatuetan, kultur etxean: Julian Auzmendi, Pedro Agirre, Dani Arregi, Iñaki Jauregi, Joxemari Auzmendi, Ondri Odria, Kontxi Agirre, Joseba Barandiaran, Eneko Azarola, Jon Elustondo eta Asier Iriondo. Tartean-tartean, Mikel Mendizabal eta irudian ageri den Eusebio Igartzabal ere hurbiltzen omen ziren. Lau bat hilabeteko iraupena izan zuten saioek.
Hurrengo hamarkadan, 1999-2000 ikasturtean eman zituen lehen urratsak gaur ere indarrean dagoen bertso eskolak: LBO. Helduz osatutako taldea ginen, eta hasiera batean geure burua trebatzen hasi izanagatik (gogoan dut erratza jartzen genuela mikro lanak egiteko), aurki hasi ginen saioak antolatzen. Bertso antzerkia izan zen hainbat urtez gure ekintza izarra. Legazpiar ezagun eta ez hain ezagunei buruzko gorabeherak kantatzen genituen, eta, ikusleek bezain ondo pasatzen genuen oholtza gainekook ere.
Legazpiko bertso txapelketa
Euskaldunok erronkazaleak omen gara, eta honek hori, horrek hura eta hark beste hangoa dakarrenez, Legazpiko pare bat txapelketa ere antolatu genituen, bestela bezala. Ibilbide motza izan zuen, ordea. Berriz horrelakoren bat antolatu beharko dugu, agian!
Udalarekin sinatutako hitzarmen bat tarteko, urtean hainbat ekitaldi antolatu izan ditugu: otsaileko bertso afaria, maiatzeko jaietako bertso musikatuak, agorreko jaietako balkoitik balkoirako saioa, udazkeneko saioa… Otsaileko bertso afarira gehien etorri den bikotea Unai Iturriagak eta Maialen Lujanbiok osatutakoa da. Zenbat barre ez ote dugun egin haien ateraldiez! Behin, elurra tarteko, legazpiar baten etxean geratu behar izan zuten lotan, eta pentsatuko duzue zein izan zen hurrengo urteetako bertso afarietako gai nagusia…
Gure harrobiak denetarik eman du: zaleak, poteoko sasi-bertsolariak, bertsolari onak eta on askoak. Oraintxe, Nerea Elustondo eta Ane Beloki dira plazaz plaza dabiltzan bi emakumeak. Helduen taldeaz gain, haurrena ere martxan izan da, harik eta pandemiak etena ekarri zuen arte.
Errimaz errima, belaunaldiz belaunaldi, bertsoaren sua piztuta izan dugu gurean, eta hala jarraituko duen esperantzarekin, egia esan. Esaerak bai baitu bigarren zatia ere: «Garelako izango dira».