Irati Apalategi • Neu albaitaritza (Beasain)
Ondo merezitako oporrak gainean dauzkagu, eta maskotak ditugunok, beraiekin joan nahi izaten dugu. Lehenik eta behin, oso garrantzitsua da bere dokumentazio guztia gainean eramatea, eta horrez gain, eguneratuta edukitzea. Autonomia erkidego bakoitzak bere arauak ditu, eta begiratu egin beharko dugu leku bakoitzean zer behar den. Euskal Autonomia Erkidegoan, adibidez ez dugu derrigorrezko txertorik, Nafarroan ordea, amorruaren kontrako txertoa jarrita edukitzea derrigorrezkoa da eta muga pasatu behar badugu Ipar Euskal Herrira joateko, han ere amorruaren txertoa jarrita edukitzea eskatuko digute. Beste probintzia batzuetan barruko desparasitazioa eguneratua izatera derrigortuko gaituzte. Ondo informatu!
Bestalde, Gipuzkoan ez dauzkagun gaixotasunak ere badaude beste probintzietan, Leishmania izeneko parasito hau adibidez. Bera ekiditeko pepittak eta koilareak dauzkagu, formatu eta kolore askotarikoak. Bihotzeko xixarea edo filariosia ere badaukagu Kanariar Uharteetan eta Mediterraneoan. Bera ekiditeko ez daukagu produkturik, baina opor goxo hauetatik itzultzean pastilla bat hartzea nahikoa izango da xixare hori hiltzeko.
Lehenik eta behin, oso garrantzitsua da bere dokumentazio guztia eramatea eta eguneratuta edukitzea
Txakurren segurtasuna autoan
Behin dokumentazioa prest daukagula eta gaixotasunak ekiditeko produktuak hartuta dauzkagula, kotxean jezarriko gara denok bidaia hori egiteko. Guk segurtasun uhala daukagun modura, txakurrek ere bere segurtasun neurriak behar dituzte. Guk uhala ixten dugun tokian, hor bertan bere arnesera lotutako petral edo soka homologatu bat jarri beharko dugu. Bestela maletategian transportin batean joan beharko du eta transportin horrek neurri egokiak izan beharko ditu, gure maskotari egokituak. Kotxean goazela 2 edo 3 orduz behin geldialditxo bat egitea ere gomendagarria litzateke, gure txakurrak pixa eta kaka egiteko, eta katua edo untxia bada, pixka bat ateratzeko. Ura ere eskura eduki beharko dute, gehienbat bero handia egingo balu.
Mozala garraio publikoan
Hegazkinez, trenez, autobusez edo gurea ez den garraiobide batean bagoaz, transportina eta mozala jarrita edukitzera derrigortuko gaituzte, Hala ere, interesgarria da konpainia bertara kontsultatzea dauzkaten arauak/legeak.
Besterik gabe, goxo pasa oporrak!