Goierriko turismo eragile, museo eta interpretazio zentroek eskaintza zabala prestatu dute aurten Aste Santuari begira. Pandemiaren eraginez bi urtez egin ez diren Ordiziako Artzain Eguna eta Segurako Aste Santuko prozesioak egingo dira aurten. Lehena apirilaren 20an izango da, eta bigarrenak Ostegun eta Ostiral santuz, apirilaren 14 eta 15ean. Goiturreko bazkide diren museo eta interpretazio zentroek esperientzia gastronomikoak eta bisita gidatuak eskainiko dituzte Aste Santuan nahiz Pazko astean. Informazio gehiagorako: goierriturismo.com.
Goierri garaiko turismo eskaintza bateratzen duten Urola Garaia Turismoak ere agenda oparoa dakar datozen hamabost egunetarako. Ezkioko Igartubeiti baserri museoak bisita gidatuak eta sagar zukua egiteko esperientzia ditu aukeran. Mirandaolako Burdinola hiru egunez jarriko dute martxan (apirilak 15, 17 eta 24), hiru txandatan. Chillida lantokia, Igaralde Ogiaren museoa eta 1950eko Eskola ere zabalduko dituzte egunotan. Urretxun, Iparragirreren QR bidezko ibilbidea egin daiteke modu librean, eta Zumarragako Antioko baseliza hilaren 19an ez beste egunetan zabalduko dute. Antioko intepretazio zentroa ere ia egunero egongo da zabalik. Informazio gehiago: urolagaraia.com.