Denboraldi txukuna ari da egiten Iker Barandiaran Ibarguren (Lazkao, 2001) Eiser-Hirumet taldeko txirrindularia. Hirugarren denboraldia du 23 urtez azpiko mailan, eta lehen hamarretan hainbat aldiz sailkatu ondoren, amateur mailako lehen garaipena eskuratu du Duranan (Araba).
Elite eta 23 urtez azpiko mailan lehen aldiz jaso dituzu besoak. Zer bururatu zitzaizun une horretan?
Momentuan ezer ere ez, irabazi egin nuela, justu-justu eskuak altxatu eta listo. Gero, jende askok zoriondu ninduen eta orduan hasi nintzen konturatzen edo sinesten. Orain bai, behin denbora igarota, balio handiagoa ematen diot.
Euskaldun txapelketako lasterketa zen Duranakoa. Nolakoa izan zen?
Ibilbidea laua zen eta oso azkar joan ginen, 46 kilometro orduko batez besteko abiadura atera genuen. Tropelean, ordea, erraz joan nintzen. Amaieran tentsio uneak egon ziren, baina taldekideek ondo kokatu ninduten. Esprintean distantzia ondo neurtu eta errematatzea lortu nuen.
Talde handiak helmugara iritsi direnean lortu dituzu postu onenak. Esprinterra zara?
Bai. Aldapa motzetan ere nahiko ondo defenditzen naizela uste dut, nahiz eta oraindik lasterketetan ez dudan erakutsi.
Beharko aldapetan moldatu. Euskal Herrian esprinterrentzat ez da aukera askorik egongo, ezta?
Aukera gutxi daude eta daudenak, askotan, aldapa batzuk pasata. Zumaiakoa [laugarren postua lortu zuen] eta Duranakoa dira zailtasunik gabeko bakarrak, beti esprintean ailegatzeko modukoak. Gainerakoetan esprinta iristea zailagoa izaten da.
Beraz, esprinter batentzat ez da erraza izango.
Ez. Espainia inguruan lasterketa gehiago daude esprinterrentzat. Aurten gehiago ari naiz lastertzen Euskal Herritik kanpora, mugitu egin behar da aukerak topatzeko.
Bihar Lazkaoko proban parte hartuko duzu, etxeko lasterketan, esprinterrentzat ez da lasterketa egokiena. Taktika berezirik prestatu al duzu?
Lasterketa gogorra da. Ausarta izan eta ea ihesaldiren bat harrapatzen dudan aldapetara abantailarekin heltzeko.
Valladoliden, Espainiako Kopako lasterketa batean, 11. postua lortu berri duzu. Lasterketa ezberdinak al dira Espainiako Kopakoak?
Maila gehiago dagoela nabaritzen da, taldeak antolatuago joaten dira eta kontrola ere handiagoa da. Valladolideko proban muino batzuk zeuden, baina ondo igaro nituen. Lauzpabost kilometroren faltan, ordea, zortzi txirrindularik ihes egin eta helmuga iritsi ziren. Daniel Cavia taldekideak bosgarren postua lortu zuen eta ni, tropeleko esprintean, hirugarrena izan nintzen.
Maiatzean proba asko daude eta uda ere gertu dago. Ba al duzu lasterketarik begiz jota?
Maiatzean, Nafarroako Itzulian parte hartuko dut. Lehenengo etapa eta azkenekoa ditut begiz jota. Gogorrak dira, baina ea zerbait egiterik dudan.