Carlos Iraeta naiz (Itsaso, 1964), eta itsasoarra izan arren, Lazkaon bizi naiz aspaldiko urteetan. Nire lehen reflex kamera analogikoa 22 urte nituela eskuratu nuen, Bartzelonako auto azoka batera egindako bidaia batean. Argazkiaren munduan, berriz, bi alabak jaio zirenean sartu nintzen. Digitalarekin 2005ean hasi nintzen, eta argazkilaritzarekiko nire zaletasuna Lazkaoko San Benito ikastolarekin eta Amalur mendi elkartearekin irteeretan parte hartzen hasi nintzenean handitu zen. Ondoren, Ordiziako Ortzadar elkartean hasi nintzen, eta asko ikasi dut han.
Natura, paisaia eta gaueko argazkiak ditut gustuko, baita makroan ateratakoak ere. Gerora, nire beste zaletasun batzuk uztartuz, Tantanak proiektua sortu nuen itxialdian. Irudiko argazkia 2016. urteko urriaren 30an ateratakoa da, Zeraindik Aralar aldera begira, egunsentian. Izan ere, argazki on bat bilatzeko, askotan, goiz atera behar izaten da etxetik, eta pazientzia handia izan.
Datu teknikoak
Canon EOS 550D • f7.1 • 1/400s • ISO100 • 30mm