Aitor Artza Agirre • Musikazalea
Udaberriarekin batera Goierri aldean izaten ari diren kontzertu aukerez aritu naiteke gaurkoan, baina Andoaindik datorkigun proposamen berritzaile bat jarriko dizuet jopuntuan. Protagonistak aski ezagunak dira, Bap! taldean aritu ziren hirurak, zer esan hortik aurrera…Mikel eta Eneko Abrego (Okene) eta Drake. Talde hura desegin ostean Inoren Ero Ni sortu zuten, eta Drakek belarri arazo batzuk medio utzi behar izan zuen arren, besteek hor darraite gaur egun ere. Horrez gain Negu Gorriak eta Anariren taldekide izan eta dira, esaterako.
Bateria eta erritmo kaxa kudeatzen ditu Mikelek. Enekok berriz, abestu, errezitatu eta samplerren kontrola eramaten du. Drakek, azkenik, baxuaz eta kontrabaxuaz du ardura. Zuzenekoetan aldiz, Mariano Hurtadok ordezkatzen du Drake, belarri arazoek ez baitute bakean uzten dirudienez. Mariano ere taldekide dute Abrego anaiek Inoren Ero Ni proiektuan.
Egiak ba ote? izeneko lana kaleratu zuten duela hilabete batzuk. Diskoa, pandemia garai betean grabatu zuten Andoaingo Garate estudioan Martxel Arkarazorekin eta Bidehuts argitaletxeak eman du argitara. Diseinu oso zainduaz atera du, eta izango duzue horretaz gozatzeko aukera, batipat binilo formatuan eskuratzen duzuenok.
Erritmoan eta hitzetan oinarritutako proiektu bat dela esango nuke. Etengabe errepikatzen diren baseak sortzen dituzte, eta horien gainean Enekok bere ahots abilezia erabiltzen du oso zainduak dituen hitzak errenkan abestu edo bertso/poesiak bailiran lotzeko. Funk, punk eta hip-hopa datozkit estiloa zehaztea saiatzean, eta zuzenekoetan hala dela esango nuke, batipat, diskoan atzeman daiteken jarrera areagotzen delako. Tom Waits, The JB´s, Kae Tempest, Minor Threat, De La Soul edo Sleaford Mods datozkit burura… haien batido bat ote? Azken horien Glimpeses abestia ere bertsionatzen dute zuzenean, Kortaturen Zu atrapatu arte-rekin batera… Hara zer kontrastea, hortik pentsa!
Ohiko sare sozialetan aurkituko duzue beraien berri gehiago, bai Gailü nola Bidehutsenean. Ez galdu zuzenean ikusteko aukera, dantzarako gonbitea ziurtatua dago eta baita lepoko minarena ere.