Estatu Batuetatik zetozen rock’n roll eta hard rock doinuak oinarri hartuta, hasi zuen ibilbidea Beasaingo Sats taldeak. 1980. urtea zen, herriko bost gazte elkartu eta Castillo hotelaren ondoan zegoen SEATen tailer zaharrean jotzen hasi zirenean. Esteban Ribas Estebi, Migel Angel Castañeda Kasta, Manolo Cid, Zelestino Aranburu Tino eta Iñigo Sarasola Monti izan ziren lehen boskotea osatu zutenak. Gerora, Julio Morandeira, Jose Mari Gonzalez de Galdeano Txintxo, eta Joan Ramon Belasko ere aritu ziren.
Estreinaldia Ataungo ‘Rock gauean’ egin zuten, Goierriko eta inguruko herrietako beste hainbat talderekin batera. 1982an, Foru Aldundiak antolatutako Gipuzkoa Star 82 lehiaketa irabazi zuten, eta horri esker, Gipuzkoan barrena bira bat egin ahal izan zuten. Telebistan ere atera ziren, garai hartan ospe handia zuen 40 principales saioan. Bolada betean zeudela, maketa berria grabatu zuten.
Hasieran gazteleraz abesten bazuten ere, azken urteetako kanta guztiak euskaraz egin zituzten, eta horrenbestez, rock gogorraren genero horretan aitzindariak izan ziren Euskal Herri mailan. Euskal Rock Erradikala bezala ezagututako taldeekin ere jo izan zuten. Beste talde askori gertatu bezala, soldaduska garaia iritsi zitzaienean hasi ziren taldearen gorabeherak. Agurreko kontzertua Tolosako zezen plazan eman zuten, 1985. urtean.