Oier Fernandez • Beltza kolore
Aspaldiko kontua da auzolana, gure arbasoen lan egiteko modua, bizitzeko modua eta antolatzeko modua. Batak besteari laguntzeko modua, eta batez ere elkarrenganako dugun beharra ulertzeko modua. Taldean antolatzen garelako, multzoka, borobilean eta elkarrekin.
Egun hauetan konturatu naiz benetan AUZOlanAren beharraz, eta batez ere bere eraginkortasunaz. Auzoan konturatu naiz hontaz, eta aldi berean, bertan jarri dut praktikan. Auzokideekin, herritarrekin eta benetan bizi diren toki hori maite duten pertsonekin.
Zer garrantzitsua den XXI. mendean, denok korrika eta presaka bizi garen mende honetan, erroei begiratzea eta sustraietatik loratzea. Bere garaian haur egin gintuen toki horretan eta horrentzako lan egitea.
AUZOlanAk egiten gaituelako handi, indartsu eta zoriontsu. Gora auzoak, gora auzolanak eta gora Eitza eta Eitzatarrak!