Naroa Elortza • Eraldatzaile soziala
Goiberri buzoian jasotzen dugunerako ostirala izango da. Helduko da ostirala, baina kolaboratzaileek jakin badakiten moduan, artikulu hau astelehenerako entregatu behar izaten dugu, astelehen gordinerako.
Eta aste honetakoa ere nahiko astelehen gordina izan da, zapatuko ajeak zama handia izan baitu. Zapatuan zer gertatu zen? Ba egun berezia izan zela goierritarrentzat, baita Goierrin bizi garen debagoiendarrontzat ere.
Lazkaoko Biziola fabrikan elkartu ginen, Biziola kooperatibaren sorrera batzarrerako. Lehen batzar nagusia. Lehen bozketak. Organoak hautatzeko eta botoak zenbatzeko lehen eguna. Etxean moztutako papelekin joan ginen, eta kontaketa ere halakoa izan zen, etxe-giroan. Baina zelako urduritasunak, kalkulagailuekin ehunekoak ateratzen, botoak nola ponderatu asmatu nahian… Lehenengo aldiaren urduritasuna.
Ospatzen ez dena existitzen ez delako, ospatu ere, ospatu genuen. Topa egin genuen txanpain estiloko sagardoarekin, bertako produktuekin hamaiketako ederra egin genuen, eta irribarrez bete genituen bazterrak.
Ziur naiz Goiberri-ko hainbat eta hainbat irakurle Biziolako bazkide izango zaretela jada, eskualde mailako proiektu eraldatzaileari zuen babesa eskainiko zeniotela. Espazio berberak konpartitzen ditugulako han batutako askok, baina egia da ezberdintasunek ere batu gaituztela proiektu honetara.
Biziolara batu gara alderdi politiko ezberdinetan aritutakoak, ikastolako eta eskola publikoko gurasoak, kooperatiba txiki eta ertainetan gabiltzanak, enpresa kapitalistetan lanean ari direnak, sindikatu ezberdinetako sindikalistak… Badirudi ekonomia sozial eraldatzaileak ezberdinak elkarlanean aritzeko ateak ireki dituela Goierrin. Etengabe banderizotan ibili gabe, Biziolak proiektu komunak eraikitzeko espazioak sortu ditu. Urte askorako Biziola!