Antxiñe Mendizabal Aranburu • Idazlea eta editorea
Laku baten izena du Henry David Thoreauren Walden liburuak. Egileak aurreneko edizioan azpititulu bat ere erantsi zion: Bizitza basoetan, idazleak bere eskuez egindako pinuzko txabola batean, Masashuseteko baso batean, 1845-1847 urteetan igaro zituen egunen kronika ere badelako. Lekukotasunaz haratago, eraldaketa prozesu amaigabe baten narrazioa ere bada liburu hau, gogotik eta kontzientziatik hasten den eraldaketa-ziklo bat. Egileak aitortzen du testu hau ez dela etsipenari edo abaildurari eginiko poema bat, ezta ihesaldi bat ere; baizik eta aldaketak eragin eta probokatzeko asmoz idatzia dago. Esperientzia eraldatzaile bat performatu nahi du, praktika eta teoria uztartuz.
Saiakera eta kronika uztartzen dituen liburu hibrido honek gai ugariri buruzko gogoetak tartekatzen ditu egunerokoaren kontaketarekin, eta jakintza mota ugari biltzen ditu: biologia, geologia, geografia, ekonomia, filosofia edota teologia. Ekologiarekin du, ziur aski, loturarik estuena. Izan ere, beste liburu batek egin zuen oso ezagun bere garaian: Desobendientzia zibila, bertan ekologismoak, bizitza soilaren aldeko aldarriak, estatu bidegabekoaren aurkako borrokak eta abolizionismoak sekulako garrantzia hartu zuten. Bere pentsamenduak eragin nabarmena izan du gizarte mugimendu askotan.
Aipatzekoa da, ia orain berrehun urte, beste bi gaik kezkatzen zutela bereziki idazle estatubatuarra: etengabeko mugimendua eta denboraren abiadura zorabiagarria. Ordurako, ohartuta zegoen kapitalismoak berarekin zekarren produkzio sistemaren eta bizitzaren arteko bateraezintasunaz, kontsumismoa, bizitzaren merkantilizazioa eta jendartearen alienazioa hizpide zituelarik. Gaur egungo bizimodua ezagututa, esango nuke bere txabolatik jaisteko interes eta gogo handirik ez zuela izango!