Gorka Lariz • Aktorea eta Urrup taldeko kidea
Ziur nago noizbat zeure buruari galde egin diozula behin baino gehiagotan, «ba al dut nik hau egiteko adinik?» edo «Ez dut adinik gauza hauetan murgiltzeko». Argi dago bizitzan aurkitzen ditugun oztopo, bizipen edota erabaki garrantzitsuak hartzeko uneen aurrean, gure adinaren kudeaketa nahi baino balio handiagoa duen faktore bat dela. Baita antzerkiarekiko ere, eta horretaz hitz egin nahi dizuet gaurkoan.
Antzerki munduan gabiltzanok argi ikus dezakegun gauza xelebre bat da antzerkira hurbiltzen diren gazteen kopurua oso txikia dela; eta ez bakarrik antzerkia egitera ausartzen direnena, antzerkia ikustera etortzen direnena ere bai. Antzerki kontsumitzaileen batez besteko adina 30 edo 40 urtetik gora koka dezakegu. Eta ez da gaur egungo gauza, betikoa baizik.
Argi dago teknologia eta streaming plataformek zinemari min handia egin diotela eta egiten diotela, zinemagileek birziklatu beharra dute oztopo berriei aurre egiteko.
Baina antzerkiak? Antzerkia zuzeneko ikuskizuna da, baita horrek sortzen dituen sentsazio, sentimendu eta emozioak ere, aktore zein ikuslegoarengan. Antzerkian bizitzen duzuna ezin duzu beste inon bizi. Hala ere, krisian dago, zinemaren antzera; izan ere, gero eta jende gutxiago hurbiltzen da antzoki batera, eta zer esanik ez gazteez hitz egiten badugu.
Urrup antzerki taldean ikusi dugunez, jendeak orain behar duena komediak dira, eta hortxe gaude gure TupperSex ikuskizuna eskaintzen. Martxotik hona, lau aldiz aurkeztu dugu eta lauretan aretoak beteta izan dira. Baina antzezlana ikustera gerturatu den jendearen adina…
Zer behar du orduan antzerkiak, batez ere gaztearen jakinmina erakartzeko?