Iltze Taldea Goierriko punk-oi eszenako talde berria da. Haien bereizgarrietako bat adina da. Bost taldekide gaztek osatzen dute Iltze: Anartz Larrea (ahotsa, Beasain, 2007); Sustrai Goenaga (bateria, Lazkao, 2007); Xabat Artzelus (gitarra, Lazkao, 2006); Eneko Monreal (baxua, Beasain, 2007) eta Inhar Jauregi (gitarra, Itsasondo, 2007).
Nolakoa izan zen taldearen sorrera?
Anartz Larrea: Sustrai eta biok aspalditik genuen talde bat sortzeko ideia eta Xabat ezagutu nuenean gure asmoak adierazi genizkion eta taldean sartu zen gitarra hartuta. Hurrengo taldekidea Inhar izan zen eta azken momentuan Eneko sartu zen.
Hasi berritan izan duzue lehen kontzertua. Nolakoa izan da harrera?
A. L.: Lehen kontzertua Beasaingo Gaztetxean eman genuen, 2022ko maiatzaren 6an. Maiatzaren 1ean abisatu ziguten bertan jotzeko eta oraindik talde osoarekin entsegu bat bera ere egin gabe geunden.
Eneko Monreal: Astelehen horretan nire lehen entsegua izan zen. Aste bereko asteazkenean izan zen guztiok batera egindako lehen eta azken entsegua kontzertuaren aurretik. Nire kasuan, abesti batzuk kontzertuan bertan jo nituen lehen aldiz.
Sustrai Goenaga: Hala ere, kontzertuak oso ondo joan ziren, bai jende aldetik, baita giro aldetik ere. Publikoaren berotasuna jaso genuen une oro eta eroso sentiarazi gintuzten oholtzapeko lagunek. Momentu bereziak izan ziren.
Hemendik gutxira baduzue kontzerturik lotuta? Non eta noiz izango dira?
Xabat Artzelus: Bai batzuk baditugu lotuta, nahiko jarraian gainera, baina gogotsu gaude musikarekin bazterrak astintzen jarraitzeko. Ekainaren 24ean Seguran izango gara, uztailaren 1ean Zaldibian eta uztailaren 16ean Ordizian.
Oraingoz punk-oi estiloko bertsioak jotzen dituzue. Etorkizunari begira zuen abestiak sortzeko asmoa duzue?
A.L.: Duela hilabete saiatu ginen abestiren bat edo beste egiten, baina gaur-gaurkoz ez dugu oraindik abestirik sortzerik lortu. Hala ere, etorkizunari begira gure abestiak sortzeko asmoz eta gogoz gaude.
Non gustatuko litzaizueke jotzea? Eta zein talderekin?
A.L.: Beasaingo Gaztetxea toki berezia da guretzat. Lehenengo kontzertua bertan emateaz gain herrian jotzea beti da plazerra eta lehengoan izan genuen lagun arteko giro hori oso gustokoa eta erosoa da guretzat. Bestalde, Ordiziako Gaztetxean jotzea ere gustatuko litzaiguke, etxetik gertu eta aipatu bezala, giro onean.
X.A.: Talde aldetik gure erreferente diren hainbat talderekin gustatuko litzaiguke jotzea, adibidez, Ekintza, Habemus Papam, Boot Boys edota Tirokatuak. Hala ere, talde hauetako batzuk oraindik handi xamarrak ikusten ditugu duten ibilbide luzea dela eta.