Miren Estensoro Garcia • Ekonomia ikertzailea
Ezbairik gabe, pertsonok eragin zuzena dugu enpresa baten egiteko eta garapenean. Gainera, lantaldea osatzen duten pertsonen ongizatea lehiakortasunerako giltzarria ere badela frogatu da. Ongizate-lehiakortasun binomioan aritzeko gakoak, ordea, garesti daude sarritan.
Gaurkoan pertsonen ongizatean lanak duen paperaz jardungo naiz. Soldatapeko lanaz, zehazki. Zein zentzu dauka lanak gure bizitzan? Zerk baldintzatzen du lana ongizate iturri izatea? Nola lagundu dezake lanak gu zoriontsuago egiten? Gipuzkoako Aldundiaren eskutik garatzen ari den Etorkizuna Eraikiz Think Tank-ean lanaren zentzua da lan esparruetako bat. Bertan, Mondragon Unibertsitateko Unai Elorza ikertzailearen eskutik eginiko hausnarketa izango dut gaurkorako oinarri.
Lehenik eta behin, lana zer den galdetu behar diogu geure buruari. Elorzak dioen moduan, lanaren esanahia aldatzen joan da historian zehar. Gainera, bakoitzaren izaeraz asko esaten du definizio batek edo besteak. Definizio ohikoena zera da: ordain ekonomiko baten truke egiten den jarduera. Ikuspegi ekonomiko (eta erredukzionista) horretatik harago, ordea, ikuspegi filosofiko batek adibidez, lana gizartean izateko modu bat dela dio. Gizartea humanizatu eta ekarpen positiboak egiteko tresna bat izan liteke alegia. Psikologiaren esparrutik, aldiz, gure identitatea markatu dezake lanak. Gure ongizate, garapen edota bizitza ikusteko moduan eragina duen zerbait da.
Baina, orduan, zerk egiten du lanak balio ekonomikotik harago doazen beste balioak izatea guretzat? Zerk ematen dio zentzua lanari? Lau palanka lantzen ditu Elorzak. Lehena, autonomia. Egiten dugun lanaren jabe garela sentitu behar dugu. Libre garela erabakiak hartu eta gure izaera eta sentitzen duguna partekatzeko. Bigarrena, gaitasuna. Lanak eskatzen dizkigun emaitzak lortzeko gaitasunaz ari gara. Lana dominatzen dugula eta lanean eraginkorrak sentitzen garela, alegia. Hirugarrena, erlazioa. Inguruan ditugun lankideekin lotura garatzean datza. Gainerakoekin harremanak garatu eta taldearen parte izatea da gakoa. Eta laugarrena, xedea. Bakoitzaren lanean ere gainerako pertsona edo gizarteari ekarpen positiboa egiten diogula sentitzeak zentzua ematen dio eginbeharrari. Gure lanetik harago munduan eragin positiboa bilatzeaz ari gara.
Testuinguru eta izaera pertsonaletatik haratago, palanka hauek eragin zuzena dute pertsonek lanarekiko duten motibazioan. Lanean suertatzen diren liskarrak edota absentismoari loturiko erronkekin lotura argia da. Eta enpresen antolaketa ereduetan kontuan hartzeko gako asko plazaratzen ditu gainera.
Eta zure lanak, zein zentzu du zuretzat?