Gure herrian ere, Lazkaon alegia, inguruko askotan bezala, bada musikarako grina. Zorionez, belaunaldi berriek jarraipena ematen diote, baina bada mugatzen gaituen zerbait… haiek burutzeko espazioa. Sakondu dezagun gehiago.
Udaberritik hasita izan diren hainbat eta hainbat talderen kontzertu eta ekitaldi zerrendatu nahi nituzke, ez da nolanahikoa eta…. Tzar, Occhi de Farfalla, Gari, The Lio, Añube, Rodeo, Izaro, Perlata, Alerta Gorria, Zetak, URSS, Pinpilinpussies, Tatxers, Petti, Aitor Gorosabel, Zopilotes Txirriaos, Olatz Salvador… eta hala ere, bada bainarik ordea.
Aipatu taldeak, gune jakin batzuetara mugatuak daude, zinema aretora, Lazkaoko festetako ekintzetara (txosna estali, plazako ekitaldi, taberna….), Aholehor Fest-era, Gerriko Elkartera, Skate Parkera… Zinemak eserita ikustekoak ahalbidetzen ditu, besteak ordea, eguraldiaren eskutan daude kasu askotan. Ez da kasualitate hutsa udara partean ematea musika eskaintzarik zabalena.
Hori dela eta, duela hilabete batzuk, behar berdinak eraginda, herritar talde batek itxaropena eragiten duen bide bat hasi genuen, urtean zehar kultur ekintza jakin batzuk egiteko aukera ematen duen gune edo espazio bat lazkaotarren eskura jartzeko ekimen bat martxan jartzea, alegia. Inguruko herri askoren aldean, mugatuak gaude urtean zehar besteren artean kontzertuak antolatu ahal izateko, adibidez. Esaterako hor ditugu Ataungo Oargi, Segurako Ganbara/Botika, Legorretako Herri Antzokia, Beasaingo gaztetxea… eta abar.
Udalarekin elkarlanean espazio bat definitu eta hura egokitu ahal izateko bidea hasia da eta udazken honetan, Gerriko Elkarteak ahalbidetzen dituen formatu erdiko ekitaldiez gain, beste zenbait sortu ahal izateko gunea eskura izango delakoan gaude azkenean.
Ez nuke tarte hau agurtu nahi aipamen pare bat egin gabe. Aholehor Fest-en bigarren edizioaren arrakasta, lehenik eta behin. Pinpilipussiesek ireki zuen arratsalde beroa Tatxersek lehertarazi zuen, eta Sevillatik etorritako URSSekin, berriz, gogoangarria bihurtu zen gaua. Giro bikaina, musika aparta eta kokagune ezinhobea.
Bestalde, hasiak gara Gerriko Elkartean izango den Hitz&Musik zikloari forma ematen; beraz, egokitu agendak. Baieztapen gehiagoren faltan, Joseba Tapia eta Juantxo Arakama izango baititugu urrian eta azaroan, hurrenez hurren.