Xegun Altolagirre • Gidoilaria eta sortzailea
Armairua eztanda egiteko zorian dago; han sakonean, praka motzak daude, pilatuta, nire beren neurrira noiz itzuli zain. Normalean, prakaren bat lotzea lortzen ez dudanean armairuaren atzeko parte horretara bidaltzen dut, zigortuta. Argaldu bitartean neurri bat edo bi handiagoa erosi eta kito. Praken gerria zabaltzen den heinean aurrekontuak ere horixe egiten du, handitu. Eta aurrezkiak xahutzeko zorian daudenean, dietan jartzea erabakitzen dut. Aldizkariren bateko dieta miragarri horietako bat aldizkaritik erauzi eta hozkailuan itsasten dut Napolitik ekarritako imanarekin itsatsita. Krimenaren eszenatokiaren erdigunean. Hantxe hasten baitira komeriak. Zer kendu, zer ahaztu, zer… tira, zer egin badakit, baina hala ere zaila izango da borrokaldia. Garaipena zaila izango da.
Aldaketa bortitzak. Badakit jaki oso gozo eta goxoak saihestu beharko ditudala, gosariko olio gozoz bustitako baserriko ogia, bazkal orduko ardo eta koipeak, arratsaldeko pintxoa… haien tokia berriz, zukuek, frutek, irabiatuek hartuko dute. Nire sabela kexu da. Nire dastamen-papilak etsipenez oihuka daude. Ordenagailuaren pantailan txuleta batek keinu egiten dit. Gustuko ez ditudan tabernako kroketekin ere amets egiten dut. Janaria ikusten dut alde guztietan. Lanean, trenean, arroparen armairuan, igogailuan eta liburutegian. Apaletan liburuen tokian hanburgesak daude; aterkien ontzian metro luzeko patata frijituak; autobus gidaria bolantea eutsi beharrean pizza eder bat darama esku artean. Janaria, janaria eta janaria. Buruan ez da beste ezertarako tokirik. Kaloriez gainezka dauden jaki miresgarriak.
Gauean, telebistari begira, niri ez, bikotekideak besarkatu eta argaldu dudala dio. «Ederki zaude. Pozik?», galdetzen dit. Nik baietz, maite dudala, baina ez bera, bere buruaren lekuan ikusten dudan txokolatezko trufa baizik. Bere eskuen lekuan entrekotak ikusten ditut; mihiaren ordez bakailoa pil-pilean; bere besoak kremaz bildutako bizkotxoak… Probatu nahi zaitut. Bere hats epela nire lepoan. Nire belarriari koxka eginez. Ni zorabiatuta, desioz gainezka. «Nik ere probatu nahi zaitut. Nire ahoa zurekin bete nahi dut, nire mihian bueltaka eztanda egin arte». Arnasak abiadura hartzen du. Begiak zabaldu. «Benetan?» «Ezer baino gehiago!» Elkarri prakak askatzen hasten gara. Konturatzerako txorkatilaraino erori dira jeans-ak. Hantxe dago, bere mahatsondoa, bere ostra zirikatzailea. Ahoa urtzen zait gosearen desioz. Eta nire eta bere gorputzek bat egitera doazenean… «Ez, ezin dut, tentazioari eutsi egin behar diot. Oraingoan indartsua izango naiz». Berak berriz nora noan galdezka. Nola nora baina? «Ez, ez, eta ez!» Ezin dut hori jan, ezin dut tentazioaren aurrean etsi. Banoa. Jeans-ak kendu, barruko arropa jantzi eta alde. «Baina nora zoaz?», berak. «Ezin dut! Ezin dut etsi, lortu dezaket, ezetz esaten badakit, eta ezetz esaten jarraituko dut. Agian urtebete iraungo du honek, agian bizitza osoa, baina armairuan ditudan prakak jantziko ditut, bai horixe!»