Punk eta rock erradikalaren garaia beherantz zihoan 80ko hamarkadaren bukaeran, eta beste mugimendu batek hartu zuen indarra Euskal Herrian, Heavy eta Metal doinuak lantzen hasi ziren talde asko. Goierrin ere, Ordizia eta Beasaingo gazte talde bat elkartzen hasi zen entseatzeko, eta hala sortu zen Izurri Berria taldea, 1991. urtean. Enrike, Gorka Patxi Bolas, Erri, Axier eta Eneko ziren, eta Patxiren bederatzi metro koadroko bajeran hasi ziren jotzen. Aurreneko kontzertua handik bi urtera egin zuten, Tolosan. Laster gaztetxeetan jotzen hasi ziren, eta tarteka, baita eskenatoki handiagoetan ere. Gerora lokal handiago batera aldatu ziren, Ordizian, «handiagoa eta erosoagoa».
Aurretik beste grabaketa batzuk egin bazituzten ere, aurreneko disko luzea 1998. urtean iritsi zen, Izurri Berria izenburupean. Ordurako Jon Jaular tolosarra zen taldeko bateria jolea. Harrera ona izan zuen, eta kontzertu ugari eman zituzten urte haietan, batez ere plaza eta frontoietan. Bigarren disko bat ere grabatu zuten, 2001. urtean: Kontuz, deabruaren legea. Lan horretarako, ospe handiko kolaborazioak izan zituzten, tartean Evaristo, Auo Etsaiak, Iñiguito Txapelpunk eta Aitor Sutagar. Taldea handik urte batzutara desegin zen, nahiz eta tarteka elkartu izan diren eta beste proiektu batzuetan jarraitu duten.