Goierriko Gurutze Gorriko arduradunak lanez lepo dabiltza. Neguan gizarte arloko premiak asetzeko laguntza eskaintzen dute bereziki, baina udaberrian eta udan osasun, sorospen eta larrialdietako lanak egin behar izaten dituzte. Boluntarioei esker estaltzen dituzte beharrak.
Goierri beheko Gurutze Gorriko arduradunek merezitako oporrak hartuko dituzte laster. Erdizka, baina. «Nik nire lan ordutegia dut, goiz eta arratsalde. Baina Gurutze Gorriko telefonoa ere badaukat eta urteko 365 egunetan eta 24 orduz piztuta edukitzen dut», atsekabetu da Reyes Rodriguez Osasuna, Sorospen eta Larrialdietako arduraduna. «Lanaren gaitzak», kendu dio larritasuna. «SOS Deiakek deitzen badu zer esango diot, itzalita edo estaldurarik gabe nagoela?». Azken aldian lan askorekin dabiltza, gainera. Agendak ekintzez bete dira pandemiak eragindako etenaren ostean, eta bitartean gizarte arloko premiak asetzeko lanean dihardute.
Ana Lasarte Gizarte arloko arduradunak zenbakiak bota ditu. Elikagaien banaketa, argindarraren fakturak ordaintzeko diru laguntzak, eskola materialaren eta jostailuen banaketa edota ibilgailu egokitua dela 300 familiarengana baino gehiago heldu dira. 800 pertsona baino gehiago da hori. Behera egin dute kopuruek, ordea. Iaztik %7 murriztu da elikagai bankura joaten direnen sendiak. «Abuztuan izan ezik, hilabetero egiten dugu banaketa, hiru herritan: Beasainen, Ordizian eta Olaberrian. Beasaingo eta Ordiziako erabiltzaileak niregana etortzen dira eta txosten bat egiten diet Gurutze Gorriko erregistroan jasotzeko. Olaberrikoei gizarte langileak egiten die balorazioa. Behin zerrenda osatutakoan, Elikagai Bankura eskatzen ditugu jakiak. Eta Beasaingo Udalak 2.000 euroko laguntza ematen digu herriko denda txikietan jaki freskoak erosteko: fruta, barazkia, arrautzak…», azaldu du Lasartek. Gainerako zerbitzuek ere, gutxi gorabehera, antzeko antolaketa dute. Horien erabiltzaileek ere behera egin dute.
Halere, azken hilabeteetan, Ukrainako gerra dela eta errefuxiatutako hainbat familiak laguntza eskatu dute. Goierri beherara zortzi familia –30 lagun– etorri dira Ukrainatik.
Rodriguezen atala ere hainbat adarretan banatzen da: bat, osasuna. Helburua da jendeak ohitura osasungarriak bereganatzea. Pandemia garaian, esaterako, sars-cov-2 birusaren inguruko informazioa, maskarak nola jarri, eskuak nola garbitu… irakasten zuten afixak atera zituzten; bi, larrialdiak. Hau da, galdutako pertsonak, uholdeak, elurteak… direnean eta larrialdi zerbitzuak nahikoak ez direnean Gurutze Gorrikoek baliabideak biderkatzen laguntzen diete. «SOS Deiakekin koordinatuta gaude. Nik ezin dut nahi dudalako anbulatzia bat atera. Dena sintonian joan behar da», aipatu du Rodriguezek; eta, hiru, sorospena. Ekintza jendetsuetara joaten dira, badaezpada ere. Kultur ekintzak, kirol probak… «Normalean ez da beharrik izaten. Guregana datorrena bertan gaudelako etortzen da. Baina egon egin behar da aukera hori izateko», aipatu du. Pandemia amaituta eta udaberri betean, agenda lepo dute. «Tira, gu ez ginen gelditu. Kontrara, lan gehiago egin genuen. Hirukoitza. Baina dena zen COVID. Jende helduari zaborra jaitsi, erosketak egin, janaria eraman, txakurra paseatu… eta hori astelehenetatik igandera zen», ohartarazi du Rodriguezek. «Eta oraindik jarraitzen dugu. Responde izeneko proiektu bat abiatu genuen, zalantzak argitzeko, eta oraindik iristen dira kontsultak».
Laguntza eskatzen duen soslaia emakumea eta atzerritarra izaten da. Jana eta lana eskatzen dute, bereziki
Lan zama estaltzeko boluntarioak beharrezkoak dira. 327 boluntario daude izena emanda. Lanera gutxiago azaltzen dira
Lan zama estaltzeko eskura dituzten boluntarioak kudeatu behar dituzte. «Ez dago besterik», dio Rodriguezek. Zenbat boluntario dituzten ez dago argi, ordea. Zerrendatuta dute, baina errealitatearekin ez datorrela bat diote. «Alde handia dago. 327 laguneko lista luzea daukat ordenagailuan. Baina lanerako prest zenbat daude? 40 bat?», esan dute. Baina ez dira errietan ari. «Boluntarioa erabat libre da ez esateko. Ez zaude behartuta», nabarmendu dute segidan. Gainera, edonor ezin da edozein lanetan jarri. «Formakuntzaren arabera ere jokatzen dugu. Osasun arloko ezagutzak dituztenak nirekin [Rodriguezekin] aritzen dira bereziki. Gainerakoak, Anarekin». «Nik, gure boluntarioz gain, Nagusilan eta Caritasen laguntza ere izaten dut», zehaztu du Lasartek. Esaterako, asteburu honetan 150 boluntario inguruk egingo dute lan Ehunmilak lasterketetan. Arabatik, Bizkaitik eta Nafarroatik ere etorriko da jendea. Trukean, beraiek laguntza behar dutenean beraiek joango dira.
Rodriguezek esan du beraiek ere boluntarioak direla. «Guk ere ordu asko sartzen ditugu hemen lan orduetatik kanpo. Gurutze Gorria zortzi ordu baino gehiago da. Ehunmiletan, adibidez, ostiralean goizean goiz hasi, igandera arte, hiruzpalau ordu bakarrik lo eginda… Argi eduki behar duzu boluntario rola ere baduzula. Guk zortea izan dugu lana izatera heldu garela».
Apurka-apurka hasi ziren lanean. Rodriguez SOS Deiaken hasi zen, Beasaingo koordinatzaile gisa, eta ikastaro bati esker Gurutze Gorrira egin zuen jauzi. Lasarte ere formakuntza saio baten giran hasi zen elkartean. «21 urte, ja», adierazi du. «Nik, 26», erantzun dio Rodriguezek. «Azkar esaten da», borobildu du berriz Lasartek.
Nekea pilatu dute tartean. «Lan gogorra da. Bereziki, gizarte arloa. Bizitza guztian ezagutu duzun jendea ikustea ezer gabe…», nabarmendu dute. «Baina A eta B aurpegia du lan honek. Jende bat oso zorrotza da, baina beste jende bat oso eskertua. Bulegoan esker onez bidaltzen dituzte Gabonetako krisma mordoa dugu». Horregatik, Gurutze Gorriak gizartean onarpen maila «oso handia» duela nabari dute. «Jendeak aintzat hartzen gaitu. Adibidez, etxeratze neurriak arintzen ari zirenean, oraindik tabernak eta jatetxeak itxita zeudela, Beasaingo ostalariek janari bilketa bat antolatu zuten. Bildutakoa guri eman ziguten, bitartekari lanak egiteko. Hori polita da», oroitu du Lasartek. «Niri Gurutze Gorrikoa deitzen didate, eta hala deituko didate jubilatu eta gero ere», kontatu du Rodriguezek.
Gizartean presente egon arren, bertakoek nabari dute askori kosta egiten zaiola Gurutze Gorrira jotzea laguntza eske. Goierritarrak ezkorragoak dira kanpotik etorritakoak baino. «Lotsa» ematen diela esaten dute, nahiz eta beharra eduki.
Lana, nork bere bidea garatzeko
Behar dutenei lana aurkitzen ere laguntzen diete, euren kabuz egoerari buelta eman diezaioten. Ainhoa Gabilondo arduratzen da horretaz. «Ni enplegu teknikaria naiz, eta nire zeregina enplegu bitartekaritza da. Lan bila dabilen jendea eta langile bila dabiltzan enpresen arteko zubi lana egiten dut», laburbildu du. Lan bila dabiltzan gehienak emakumeak eta atzerritarrak dira. «%90 edo 95, bai. Bateren bat bada bertakoa, baina ia denak atzerritarrak», berretsi du. Denek daukate lan baimena eta formakuntza, Gipuzkoan derrigorrezkoa delako. Eduki ezean, Goierri Eskolarekin batera, ikastaroak ere egiten dituzte: Osasun arloko prestakuntza, sorospen eta larrialdietarako prestakuntza, etxeko laguntza, hala nola, zaintza eta garbiketa…
Gurutze Gorrian langileengatik galdetzen duten gehienak, berriz, adineko norbait zaintzeko jende bila dabiltzan familia goierritarrak dira. Garbitzaile eta ostalari lanetarako ere eskatzen dute. Halaber, Olaberriko Carrefourrekin praktiketarako akordioa dute. Urtero talde bat joaten da kutxazain eta apal-betetzaile lanak egiteko. «Ia beti gelditu egiten dira», nabarmendu du Gabilondok. «Normalean, guregana etortzen den jendeak lanerako prestutasuna du eta langile finak izaten dira», gaineratu du. «Lana lortzen dutenean asko pozten naiz. Asko betetzen nau. Uste dut alde horretatik gure lanak ekarpena egiten duela».
Goierriko Gurutze Gorriak beste zeinbat zerbitzu ere eskaintzen ditu behar dituenarentzat. Hala nola, harrera zerbitzua dute etorri berrientzat, arropa bildu eta banatzen dute, garraio egokitua dute mugikortasun arazoak dituztenentzat, gizarteratzeko laguntzak epai judizial bidez gizartearentzako zerbitzuak eskaintzera kondenatuak izan diren pertsonentzat…
Andreak ardura postuetara heldu dira
Goierriko Gurutze Gorriko presidentea Koldo Muñoa den arren, gainerako arduradunak emakumezkoak dira: Reyes Rodriguez, Ana Lasarte eta Ainhoa Gabilondo ez ezik, beste langileak ere emakumeak dira. «Kasualitatea da. Hala tokatu da orain, baina lehen gizonezkoak ere bazeuden lantaldean», esan du Lasartek. Denera zortzi emakumek osatzen dute Goierriko Gurutze Gorriko lantaldea.
Boluntarioen artean ere gehiengoa dira. Bereziki, gizarte arloan aritzen direnen artean. Betidanik hala izan dela diote, agian zaintzari lotutako zereginak direlako asko.
Alta, Gurutze Gorriak berdintasunaren aldeko kanpainak antolatzen ditu urtero.