Duela gutxi hildako amari eskainitako ‘Pieza madre’ proiektuan murgilduta dago orain Andoni Beristain Zabalo argazkilaria eta diseinatzailea (Zumarraga, 1989). Marka handientzat egiten duen lan komertziala alboratu gabe, alor pertsonala geroz eta gehiago landu nahi du hemendik aurrera. Gai larriak eta serioak islatzen ditu lan pertsonal horietan, irudi koloretsuak eta oso grafikoak erabiliz.
Argazkilarai eta arte zuzendaria zarela dio zure webguneak. Hori izan nahi al zenuen txikitan?
Ez dut uste. Gogoratzen naiz txikitan pianista izan nahi nuela, baina azkenean klarinetea jotzea erabaki nuen. Ez dakit zergatik, baina bai, 18 urte bete arte klarinetearekin bueltaka ibili nintzen herriz herri, Zumarragako bandarekin, azkenean nazkatu arte. Hala ere, egia da txikitatik marrazten hasi nintzela, eta azkenean diseinu karrera ikasi nuen Bartzelonan.
Zein ibilbide egin duzu horra iristeko?
Esan bezala, txikitatik marrazten pasatzen nituen gauak, eta unibertsitatea aukeratzeko momentua iristerako, jada banekien arte inguruko zerbait ikasiko nuela. Bilbon Arte Ederrak ikastea, edo Bartzelonan Diseinua, horiek ziren nire aukerak, eta azkenean Bartzelonara joan nintzen. Bigarren kurtsoan argazki kamera batekin jolasten hasi nintzen, eta kasualitatez, baina lan asko eginez, poliki-poliki nire estudioa irekitzera iritsi nintzen. Bartzelonan 14 urtez bizi ondoren, orain Donostian nago, eta urte bat daramat hemen.
Gazte zinela joan zinen Bartzelonara ikastera. Zergatik hain urruti? Zer aurkitu zenuen han?
Diseinu karrera ikastea erabaki nuen, eta han zegoen unibertsitate oso on batera joateko aukera izan nuen, aitak gordetako diruari esker, baita berak asko animatu ninduelako ere. Karrera bukatu eta hiru urtetara, unibertsitate hartan bertan irakasle bezala lanean hasi nintzen, eta sei urtez egon nintzen lan hura egiten. Beraz, esan daiteke inbertitutako diruaren parte bat berreskuratzea lortu dudala [barreak].
Ikasketak amaitzean argi al zenuen zein bide hartu?
Poliki-poliki argazki eta arte zuzendaritza munduan sartzen joan nintzen, karrera bukatu baino lehen, eta gauza batek beste bat ekarri zuen. Marka txikientzat lan egitetik handiagoentzat… eta orain arte munduan ere muturra sartzen hasi naiz.
Eta nora eraman zaitu bide horrek? Zer eta zein da orain Andoni Beristain?
Dezente aldatu da. Egia da nire estiloa garatzen joan naizela urteekin, baina esan bezela, orain, arte munduan eta galeriekin lan egiten hasi berri naiz. Markekin lan komertzialak ere egiten ditut, baina gehien mugitzen nauena orain nire lan pertsonalean lan egitea da. Otsailean ama hil zen, eta berari buruz Pieza madre seriea garatzen ari naiz. Nire dolua egiteko modua da, eta baita berari egin diezaiokedan omenaldirik politena ere. Inoiz ez dut bera bezalako pertsonarik ezagutuko, eta nire eskuetan dagoena egiten nabil eman dizkidan gauza ikaragarri guztiak eskertzeko.
Etxe handi eta ezagunetarako lan egin eta egiten duzu. Aipatu daitezke lan horietako batzuk? Zein izan da zuretzat adierazgarriena eta zergatik?
Bai, Kenzo, Louis Vuitton edo Braun adibidez izan dira etxe handi horietako batzuk, baina marka txikiekin lan egitea ere asko gustatzen zait. Horietatik adierazgarrienetako bat Kenzo Paris izango litzateke. Beraientzat kanpaina handi bat egin nuen, eta hilabetera beste bat eskatu zidaten. Oso profesionalak izan ziren, tratu oso ona eman zidaten, eta emaitzarekin ere oso pozik nago.
Lan komertzialetik aparte, lehen esan duzu maila pertsonala ere jorratzen duzula, argazkiarekin bereziki.
Bai. Txikitatik gorputz lodi edo ez normatibo bat edukitzeagatik hasi nintzen nire gauzak argazkien bidez kontatzen, Pieza redonda proiektuarekin. Gero eduki nuen minbizi batengatik, Pieza rota garatu nuen, eta azken hilabete hauetan, eta aurten, Pieza madre garatzen ibiliko naiz. Alor personal hau da gehien gustatzen zaidana, eta espero dut hemendik aurrera geroz eta handiagoa bihurtzen hastea.
Nolakoak dira zure argazkiak? Zer erakutsi nahi duzu argazkiekin?
Gehienbat koloretsuak eta oso grafikoak dira, eta lan pertsonalean gauza larriak edo serioak kontatzea gustatzen zait, niri gertatutakoak, edo inguruan ikusten ditudanak, hori bai, ikuspuntu koloretsu eta positibo batetik beti. Nire asmoa jendeari pentsaraztea da, gauzak kontatzea eta barnealdean jendeari gauzak mugiaraztea. Umorearekin ere asko jolasten dut.
Non ikus daitezke zure lanak?
Nire web orrialdean (www.andoniberistain.com), edo instagramean gehienbat (@andoniberistain). Hilabete honetatik, gainera, Open Doors Gallery-n ere erosi daitezke nire argazkiak https://opendoors.gallery/.
Orain zertan ari zara lanean, alor profesionalean eta pertsonalean?
Esan bezala Pieza madre proiektuarekin nago oso zentratuta, urte honetan guztian landuko dut. Maila profesionalean marka desberdinentzat lan egiten ibiliko naiz, beti bezela, baina nire lan pertsonalean geroz eta gehiago zentratzea da nire asmoa.