Mikel Munduate (Ordizia, 1972) Altzagan bizi da eta Urretxuko Belarzain belar-dendan lan egiten du. Bere ikasketei dagokionez, «bizitzak irakatsitakoa» ikasi duela dio.
Ze zaletasun dituzu?
Bizikletarekin eta alforjekin bidaiatzea, itsasoan igeri egitea, patinekin ibiltzea, etxekoekin planak egitea, lagunarteko afaritxoak, sukaldean aritzea…
Pelikula edo telesail bat?
Thelma&Louise. Gauzak aldatzeko ausardia erakusten du, umorez eta musika onarekin. Txirrindulari beltzaren eszena, kolorea… oso onak dira.
Abeslari bat edo musika talde bat?
Joe Gonzalez saxofonista Elgoibarko kontzertuan, Doctor Deseorekin.
Abesti bat?
Azken dantza, Iñaki eta Gari trikitilariek abestua, Altzagako festetan ordu txikitan, giro paregabean eta kristoren indarrez abestua.
Liburu bat?
Cometas en el cielo.
Oporretarako toki bat?
Paraje bakartiren bat.
Zer gosaltzen duzu?
Arroz edaria, ghee, marmelada, Hariztizabal ogia, arrautzak, oloa, fruta…aldatzen joaten gara.
Inoiz ahaztuko ez duzun eguna.
Arrebak besarkatu ninduenekoa.
Sekula egin dizuten opari bereziena?
Seme-alaben marrazkiak txikiak zirenean.
Bizitzako plazer txiki bat.
Hiru edo lau eguneko txango txiki bat egitea oinez edo bizikletaz, bakarrik edo bikotearekin.
Goierriko txoko kuttuna.
Amundarain erreka ingurua.
Altzagan biziko ez bazina…
Iruñetik iparraldera, Nafarroako herri txiki eta heze batean, betiko basoak mantendu dituena.