Nahia, Ainhoa, Amaia eta Montse • Kresala logofoniatria gabinetea (Beasain)
Logopedia, komunikazio, lengoaia, hizketa, ahots, irensketaren trastornoen prebentzioan, tratamenduan eta honen ikerketan lan egiten duen disziplina da. Hirugarren adina, etapa konplexua izaten da osasunaren arlotik. Zahartzaroan zehar hizketa zailtasunak agertzen dira (lexiko, sintaxi eta diskurtsoari dagokionez). Komunikatzeko intentzioa ere jaitsi egiten da eta beraz, estimulatu egin behar da. Patologia ezberdinak azaleratzea ohikoa izan ohi da. Patologien artean honakoak izenda ditzakegu: Parkinson gaitza, Iktus edota traumatismo batek sortutako Afasia, Alzheimerra, Ela.
Parkinson gaitza. Komunikazio zein irensketan (degluzioan) partehartzen duten mekanismo motoreen funtzionamendua ez da modu egokian burutzen. Hizketari dagokionean ahotsaren bolumena gutxitzen joaten da, ahotsa monotonoa bihurtu, hizketa erritmoan zailtasunak agertzen dira, artikulazioa ere gutxitu egiten da, besteak beste. Irensketari dagokionean, arnasketa zailtasunak agertzen dira aspirazioak ematen baitira (bronkitisa, neumonia…), eta deshidratazioa eta desnutrizioa gerta daitezke.
Iktus/traumatismo batek sortutako Afasia. Hizketan zailtasun handiak gerta daitezke, esaterako, emisio arazoak, hizketaren jario arazoak, artikulazio arazoak, ulermen arazoak, errepikapen arazoak, prozesamendu gramatikalean zailtasunak. Idazketa ere landu egin behar da, hemen ere gabezia handiak gerta daitezke eta komunikabide garrantzitsua denez honakoa.
Alzheimerra. Lehen urratsetan oso garrantzitsua da Hizketa (adierazpena eta ulermena) ahozkoa zein idatzizkoa asko lantzea, gaitasun horiek lotzen baitute pertsona bizi duen inguruarekin. Familiekin elkarlana ezinbestekoa da, gaitz guztietan noski, hauek familiako gaixoarekin nola komunikatu behar diren estrategiak ikasi eta erabiltzeko.
ELA/Esklerosi anitza. Honakoan azaleratzen diren sintomatologiak Hizketan, Ahotsean, Lengoaian eta Irensketan ematen dira. Honako kasuan, gaixoa, kontziente da bere sintomatologiaz eta sufrimendu handia sorrarazten dio honek.
Gaitz horien aurrean logopedaren lana oso garrantzitsua da, horren inguruko ezagutza dugun profesionalak gu baikara. Tratamendu bat diseinatzen da familiarekin batera, bai kontsultan zein etxean lanketa bat eginez. Familiakoei bide hau modu xamurragoan eramaten, eta ulertzen ez dituzten zenbait galderei erantzuna ematen saiatzen gara.