Endika De las Heras Fernandez (Beasain, 2002) korrikalaria da, eta joan den astean Marimurumendi Maratoiko 25 urtez azpiko lehenengoa izan zen helmugako marra zeharkatzen 4 ordu eta 47 minutuko denborarekin, korrikalari gazteenetakoa izanik.
Nolakoa izan zen lasterketa honetarako prestaketa?
Urtarrilean hasi nintzen Marimurumendi maratoia prestatzen. Oso motibatuta hasi nintzen eta asko entrenatu dut. Hala ere, beti izaten dira gorabeherak animo aldetik ere, eta motibazioa izan arren lasterketara indartsu eta prest iristeko, zenbaitetan momentu txarrak ere izaten dira entrenamenduetan, gogorrak izaten baitira. Horrez gain, beti ez gara berdin egoten, denboraldi onak eta txarrak izaten ditugu, baina esan dezaket momentu oso onean iritsi naizela lasterketara, honi aurre egiteko prest eta gogotsu.
Ezarri al diozu zure buruari helburu jakinik lasterketa honetara begira marka aldetik edo?
Beti esaten da bukatzea eta disfrutatzea dela helburua, baina hala ere, beti dugu buruan markaren bat edo beste gainditzeko. Nik beste urteetako emaitzak begiratu ditut eta nire entrenamenduetako denborak ere kontuan izan ditut aipatzen ez dugun helburuzko marka hori aurreikusterakoan. Haatik, ondo pasa dut, benetan disfrutatu dut lasterketaz, ibilbideaz, giroaz… Ahalik eta ondoen egiten saiatu naiz eta esango nuke lortu dudala nire aurreikuspenetara gerturatu edota gainditzea.
Emaitza bikaina lortu duzu Marimurumendi maratoian, 25 urtez azpikoetan lehena izanez helmuga zeharkatzen eta sailkapen orokorrean lehen 30etan. Espero zenuen halakorik?
Ez nekien 25 urtez azpikoetan lehena izan nintzenik, eta benetan pozgarria da hau jakitea. Egia esan, urtean zehar egindako lanaren erakustaldi bikaina izan da lasterketa honetan egindakoa eta sailkapenean emaitza hori lortzea, gainera 4 ordu eta 37 minutuan eginda ibilbidea, hau da, lehenengotik 58 minutura.
Baduzu buruan beste lasterketarik orain prestatzen hasteko?
Oraingoz ez dut beste lasterketarik prestatzen hasi behar, hau da, ez dut helburu zehatzik ezarri, baina udan entrenatzen jarraituko dut eta mendiaz gozatzen. Ea uda indartsu amaitzen dudan eta gero gerokoak. Hala ere, garbi dut korrikan jarraituko dudala eta lasterketetan parte hartzen jarraituko dudala, Mari Murumendi Maratoian lortutako emaitzak ere aurrera egiteko motibazioa ematen baitidate. Beraz, disfrutatuz pixkanaka-pixkanaka aurrera egiten jarraitzea eta hobetzen joatea dut helburu bakarra oraintxe bertan.