Laura Sanz-ek (Ordizia,1996) egindako diseinuak jantziko du Ordiziako Santa Ana festetako egitarauaren azala eta festetako kartela. Horrelako lehiaketa antolatzen lehen aldia du udalak, eta arrakasta itzela izan du; 52 diseinu jaso dituzte.
Nolatan aurkeztu zinen lehiaketara?
Nire aitak animatuta aurkeztu nintzen. Disenatzaile grafikoa naiz eta pentsatu nuen ideia ona zela parte hartzea.
Egin duzun diseinuaren inguruan zer konta dezakezu?
Ordenagailu bidez egindako diseinuetatik urrundu nahi nuen. Nik neuk ordu asko igarotzen ditut ordenagailu aurrean, eta hortik deskonektatu nahi nuen. Digitaletik aldentzeko, nire eskuekin irudi batzuk sortzea bururatu zitzaidan, eta horretarako material egokiena plastilina zela pentsatu nuen, eta hala hasi nintzen, kartelean ikusten diren pertsonaiak sortzen.
Zeintzuk dira?
Ordiziako Santa Ana festetako hainbat ekitaldi edo une irudikatzen dituzte. Lehenengo kantinera sortu nuen. Proba desberdinak egin nituen; pertsonaia sortu, argazkiak atera… Emaitza gustatu eta hasierako ideiarekin aurrera jarraitu nuen.
Eta zeintzuk dira gainontzeko pertsonaiak?
Danbor joleak, Burrunbazale txarangako musikaria, kuadrillen eguna eta emakumezko erraldoia. Oso kontutan izan dudan gauza bat da berdintasuna.
Zergatik pertsonaia horiek?
Niretzako garrantzitsuak diren festetako momentuak edo ekitaldiak irudikatzen dituztelako. Esan bezala, kantinera da egin nuen lehen pertsonaia, danborrada baita niretzat festetako ekitaldi garrantzitsuenetako bat.
Burrunbazale txaranga ere ezin zen falta. Santa Ana festen hasiera eta beste hainbat momentu girotzen dituzte haien doinuekin. Kuadrillen eguna ere irudikatu dut, blusa berdea jantzita daraman pertsonaiarekin. Eta erraldoiak ere oso garrantzitsuak dira festetan.
Bi urteren ondoren festak bueltan dira. Gogotsu zaude?
Bai, noski! Aurtengo festak oso bereziak izango dira ordiziar guztientzat.