Tarik Dhaili Dourhbache (Ormaiztegi, 2004) eta Egoitz Agirre Zubillaga (Ormaiztegi, 2002) DJ Zepe eta DJ Menor bilakatzen dira eszenatokin. Joan den ostiralean eman zuten lehen kontzertua Ikamako Gipuzkoako Ikasle Egunean, Ibarran.
Nolatan bururatu zitzaizuen DJ bezala hastea?
E. Agirre: Nahiko modu bitxian sortu da taldea, izan ere, ez dugu sekula pentsatu aurretik halakorik egitea, baina Ikamako ikasleekin hizketan, Ikasle Jaialdirako DJa falta zutela aipatu zidaten eta nire burua eskaini nuen, beti izan bainaiz showman samarra. Hala ere, eszenatokira bakarrik igotzeak inpresio puntua ematen zidan eta Tariki ea animatuko litzatekeen galdetu nion, berak ere gustuko baitu show-aren kontua eta hala sortu zen ideia.
Nahiko izen berezia duzue, DJ Zepe eta Menor. Nondik datoz izen hauek?
T. Dhaili: Umetan Zeppelin esaten zidaten lagunek, nire buruaren formagatik. Hasieran, batez ere umetan, ez zen erraza izengoiti hori ondo hartzea, baina adinean aurrera egin ahala graziaz hartzen joan nintzen eta erabaki nuen nire izatearen parte izan den Zeppelin laburtu eta DJ Zepe izena aukeratzea.
E. A: Nire kasuan, aldiz, DJ Menor izena Gasteiztik dator. Bertan ikasten dut eta nire pisukideen artean gazteena naizenez, Menor deitzen hasi zitzaizkidan txantxa artean. Orain, azkenean, hala deitzen didate pisukideek eta Gasteizko zenbait lagunek. Ondorioz, oholtzan DJ Menor izango nintzela erabaki nuen, eta hala osatu genuen DJ Zepe & Menor izena.
Nolako esperientzia izan zen ostiraleko lehen kontzertua?
T. D: Hasieran urduritasuna nabarmena zen, ez baikaude ohituta jende aurrean dantzan egitera, eta alde hortatik erronka bat da proiektu hau guretzat ere, baina oso ondo pasa genuen eta errepikatzeko gogoz geratu ginen.
E. A: Oso eroso eta gustura sentitu ginen, eta kontzertu polita izan zen. Giro paregabea izan genuen eta publikoaren berotasuna jaso genuen, une oro lagundu baitzuten gu eroso sentitu gintezen. Bestalde, oholtza azpiko gehienak ezagunak ziren eta horrek ere lehen aldia izanik asko lagundu zuen.
Zein musika estilotan mugituko zarete?
T. D.: Ez dugu muga handirik estilo aldetik. Publikoaren, kontzertuaren kokapenaren eta momentuko giroaren araberakoa izango da estiloa, baina denetik jartzen saiatuko gara, euskal musikatik hasi eta reggaetoi edo tekno doinuetaraino.
Aurrera begira zein asmorekin zabiltzate?
T. D.: Prest eta gogoz gaude honekin aurrera jarraitzeko, beraz, nonbaitetik deituz gero kontzertua emateko, dudarik gabe animatuko gara eta giroa jartzeko prest joango gara joan behar dugun tokira.
E. A.: Hori da, motibatuta gaude aurrera jarraitzeko. Hasiera batean guretzat kamisetak egin ditugu gure izenarekin eta abar, eta jada ingurukoek eskatu dizkigute kamisetak. Beraz, aurrerago kamisetak egiteko ideia dugu buruan.