Joseba Telleria • Irakaslea eta ikaslea
Motza ere geratzen zaigu askotan 365 aguneko urtea. Efemerideak begiratu besterik ez dago. Nazioartekoak, mundukoak, nazionalak… nahiz egun unibertsalak, besteak beste, kabitu ere ez dira egiten egutegian. Guztiak okupatuak. Urriaren batak, okupatuenetakoak, zortzi ditu halakoak.
Batzuk zaharrak, baita NBEren aurrekoak ere, Langileen Nazioarteko Eguna (1889) kasu; gehienak berriak, Influencerraren Nazioartekoa, adibidez. Asko ofizialak, Nazio Batuen Erakundeak onartu eta bultzatuak (nazioarteko egunak deituak), beste batzuk, kolektibo eta elkarteen iniziatibaz sortuak (munduko, nazioetako eta egun unibertsalak), horietako zenbait NBEk errekonozituak. Eguneratuz eta berriak sortuz, mila ingurura ailegatu dira. Egun seinalatu hauez gain, aste, urte unibertsal eta mundialak ere ezarri ohi dituzte.
Ezagunak, ezezagunak, gustukoak, ez gustukoak, beharrezkoak ala ez, gehienak giza eskubideen, osasunaren, kulturaren eta ingurumenaren inguruan herritarron sentsibilizazioa eta kontzientziazioa lortzeko helburuarekin sortuak. Beste batzuk helburu komertzialak (Black Friday, Aita-amen egunak…), ludikoak (Txokolatearen Nazioarteko Eguna, Emojien Munduko Eguna…) bitxiak (Alkandora Zimurtuaren Eguna, Tarteko Seme-alabaren Eguna…) dituztenak.
Igande honetan, uztailaren 24an, Autozaintzaren Nazioarteko Eguna. Asteko zazpi egunez eta eguneko hogeita lau orduz (hortik dataren aukeraketa) norberak bere burua zaintzearen beharra gogorarazten diguna. Autozaintza fisikoa, emozionala, mentala, soziala…
Igande berean Tekilaren Nazioarteko Eguna. Hori ere ospatzeko modukoa… Kontuak kontu, ez ahaztu zutaz!